Denboraldi hasieran mailari eustea zen Osasunaren helburu nagusia. Inork ez zuen espero Europako postuen lehian ikustea. Liga amaitzeko bi hilabete falta zirenean helburu nagusia lortu eta gero, Europako Ligarako sailkatzea zen ametsa. Eta azken jardunaldian Santanderren (Espainia) irabazi arren, ametsa ezin izan du bete Osasunak. Zapore gazi-gozoa utzi du amaierak zaleen artean, baina azken eguneko atsekabea gainditu ahala, Jose Luis Mendilibarrek entrenatzen dituen jokalariek egindako lanaz harro egoteko motiboak besterik ez da ageri. Sasoi bikaina egin dute. 54 puntu lortu dituzte; marka onenetan bigarrena, 2000an Lehen Mailara itzuli zirenetik jokatutako hamabi sasoietan. Europan lehiatzeko sariak gutxigatik ihes egin die, baina ez dago ukatzerik denboraldia azpimarragarria izan dela.
1. Hamar porrot soilik
Zazpigarren postuan amaitu dute sasoia gorritxoek, 54 puntu batu eta gero. Hamahiru partida irabazi dituzte, hamar berdindu eta hamar galdu. Esanguratsua da Real Madril eta Bartzelona ahalguztidunen ostean Osasuna izatea partida gutxien galdu duen taldea. Eta horretan zerikusi handia izan du Nafarroako Erresuman erakutsitako sendotasunak, lehen itzuliko azken norgehiagoka jokatu artean etxean partida bakar bat galdu gabe baitziren nafarrak. Iruñean jokatutako hemeretzi partidetatik hamar irabazi egin dituzte, sei berdindu eta hiru galdu. Etxetik at irabaztea asko kostatu zaie, baina Sadarretik urrun ere esku-hutsik baino gehiagotan amaitu dute punturen batekin: zazpi partida galdu dituzte, bederatzi berdindu eta hiru irabazi.
2. Bigarrenez jarraianlehen hamarren artean
2005-2006an sasoi handia egin zuen Osasunak, Liga laugarren postuan amaitu eta Txapeldunen Ligako atarikoa jokatuta. Javier Aguirrek zuzenduta, bere denboraldirik onena egin zuen, baina sasoi hura albo batera utzita, hau izan da azken igoeraz geroztik gorritxoek egindako denboraldirik onena. Hamabi urte hauetan hirutan soilik lortu dute gorritxoek lehen hamarren artean amaitzea, eta Aguirreren urte zoragarri hartaz gaineko beste bi aldietan Jose Luis Mendilibar izan da entrenatzailea. Iragan sasoian bederatzigarren postuan amaitu zuten Liga, eta sasoi honetan, zazpigarrenean. Hori bai, iragan sasoian azken jardunaldia jokatu arte jaisteko arriskuan egon zen Osasuna, eta sasoi honetan erraz lortu du helburu nagusia, martxoaren erdian Levanteren zelaian 0-2 irabazita 43 punturekin baitzegoen. Azken bi hilabeteak helburuz aldatuta lehiatu ahal izan da, helburu gozoagoen bila.
3. Aurkari deserosoa edonorentzat
Egindako jokoari zegozkion baino puntu gehiago lortzea aurpegiratu diote Osasunari denboraldi honetan, eta egia da Bartzelonaren jokoaren ikusgarritasunik ez duela erakutsi Iruñeko taldeak, baina talde bakoitzak bere armak ditu, eta Mendilibarrek zuku ikaragarria atera die Osasunaren armei. Aurkariei presio itogarria eginda eta zuzeneko jokoa ederki baliatuta, ia partida guztietan ondo lehiatu dira gorritxoak. Talde lehiakorra dela erakutsi du Osasunak, eta argi utzi du edonorentzat aurkari deserosoa dela. Bartzelona bera ere mendean hartu zuten gorritxoek Nafarroako Erresuman, esaterako. Egia da etxetik kanpo norgehiagoka gutxi irabazi dituztela, baina neurketa asko berdindu dituzte denboraldia hasi zenetik, eta galdu dituzten partida gehienetan ere estu hartu izan dute aurkaria. Osasuna hirugarren taldea da Lehen Mailako aurrekontu txikiena duten taldeen artean, eta lortutako emaitzez gain joko dotorea eta ikusgarria eskatzea ez da bidezkoa. Dituen armak baliatzen jakitea ez da gutxi.
4. Raul Garciarenitzulera
2005-2006ko denboraldiaren amaieran Atletico Madrilera joatea erabaki zuenetik gozotik baino gehiago izan da gazitik Raul Garciaren kirol ibilbidean, eta, Espainiako taldearekin Europako Liga irabazi baldin badu ere, egoerarekin aspertuta etxera itzultzea erabaki zuen Zizur Nagusiko erdilariak iazko udan. Kontratua luzatu egin zion Atletico Madrilek, eta utzita aritu da Osasunan, haren jatorrizko klubean denboraldi ona eginez gero jokalariaren balioa eta salneurria igo egin zitezkeela jakinda. Eta Raul Garciak sasoi honetan zer egin duen ikusita, argi dago bete-betean asmatu zutela espainiarrek. Ligan nabarmendu direnetako bat izan da Raul, Osasunako jokalaririk onena, zalantzarik gabe, eta neurri handi batean haren ekarpenari esker egon da Osasuna azken jardunaldia arte Europako postuen borrokan buru-belarri sartuta. 11 gol egin ditu, eta 8 goleko pase eman. Osasunarekin Lehen Mailan gol gehien lortu duten jokalari nafarren artean sartu da zenbaki horiekin, Julian Bergararen atzetik soilik, eta Patxi Irigibelekin, Jose Angel Zigandarekin eta Jon Andoni Goikoetxearekin berdinduta. Denboraldiko albisterik onena izan da Zizur Nagusiko erdilaria maila horretan jokatzen ikustea, eta asko gozatu dute zaleek haren jokoarekin. Tamalez, datorren denboraldian berriz ere Osasunan izatea oso zaila izango dela dirudi. Iruñeko taldeak, hala ere, ahalegina egingo du.
5. Atezain on batenagerraldia
Beste albiste on bat Andres Fernandezen ekarpena izan da. Taldeko hirugarren atezain gisa hasi zuen denboraldia, baina Asier Riesgok lehen norgehiagokan izandako lesio baten ondorioz jokatzeko aukera izan zuen, eta atezain espainiarrak aukera ez zuen alferrik galdu. Ricardo Lopez beteranoa deialdietatik kanpo izatera behartu du, eta Asier Riesgori Espainiako Kopan soilik utzi dio jokatzen Andres Fernandezen agerraldiak. Etorkizun bikaina izan dezakeen atezaina dela erakutsi du, eta zenbait partidatan gol zaparrada ikaragarriak jaso arren —7-1 Santiago Bernabeun, 8-0 Camp Noun eta 6-0 Vallecasen—, beste partida askotan Andres Fernandezen lana erabakigarria izan da Osasunak puntuak eskuratutzeko. Sasoi honetan denbora gehien jokatu duen jokalaria izan da, Nino, Puñal, Cejudo, Raul Garcia eta Nekunamen aurretik, eta Lehen Mailako atezaina dela erakutsi du. Ikusi egin beharko da zenbat denbora jarraitzen duen Osasunan, talde askoren arreta piztu baitu, baina Riesgorekin eta Andresekin Osasunak atea ondo itxita daukala dirudi.
6. Gol gehiegi jaso ditu
Denboraldia aztertzen hasita, gauza txarrak aurkitzea ere komeni izaten da, zer hobetu behar den jakiteko. Sasoi honetan ez da erraza Osasunan ezer txarrik aurkitzea, baina, zerbait aipatzekotan, jasotako gol kopuru handia aipatu beharko litzateke. Egia da Andres Fernandezek denboraldi bikaina egin duela, baina bitxia bada ere, Osasunarekin Lehen Mailan gol gehien jaso duen atezaina da. Azken igoeraz geroztik jokatutako hamabi denboraldietan behin bakarrik jaso zituen gol gehiago Iruñeko taldeak, 2004-2005eko denboraldian 64 gol sartu zizkieten Ritxar Sanzoli eta Juantxo Eliari. Sasoi honetan, berriz, 61 aldiz jaso behar izan du baloia bere atetik Andres Fernandezek. Zazpigarren postuan amaitu dutenez, ez da datu esanguratsua izango askoren ustez, baina Osasunaren atzealdearen sendotasunari buruz ez du ezer onik esaten.
Harro egoteko modukoa
Europako Ligarako puntu baten faltan geratzeak tristura eragin arren, inork uste baino sasoi hobea egin du OsasunakGorritxoek 54 puntu lortu dituzte, marka onenetan bigarrena azken hamabi sasoietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu