Harrokeriarik gabe

Xabi Prieto ez da gaur Granadaren aurka ariko, eta Montanierrek ez du adierazi zein jokalarik ordezkatuko duenJoseba Llorente deialdian sartu da denboraldi honetan lehen aldiz

Cadamuro, Demidov, Mariga, Ifran eta Toño, Zubietan, entrenamendu bat amaitu berritan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Granada izango da Anoeta zapalduko duen lehen kontrario zuzena, eta, gauzak garbi, garaipena ez den beste ezer ezin luke ontzat jo Realak. Hortik aurrera edozer gerta liteke, baina gehiegizko usteak izan zituelako argudioa ahulegia izango da. Aldez aurretik baiezta liteke hori. Jokalariek jakin badakitelako sobera handirik gabe ibiliko direla. Ez dutela norgehiagokarik irabaziko hanka bakarrarekin. Are gehiago, inor gutxik ez bezala dakite zer-nolako arazoak eragin ditzakeen talde igo berri batek. Gasolina tankea baikortasunez beteta daukatela iritsi ohi dira irteera gunera, orain bi sasoi eurei gertatu moduan. Begira zeinen ongi ari diren moldatzen Rayo eta Betis. Granadak berak Vila-real mendean hartu du. Aurkari deserosoak dira, batik bat ligaren lehen erdian. Oraindik ez dute sailkapenaren zama sentitu eta. Granadan hori bai, eta horrek Realari mesede egin liezaioke, ez diote joan den sasoiko multzoari inolako jarraipenik eman. Bestelako apostua egin dute, hamalau jokalari fitxatuz! Denbora behar dute, noski. Ez dira goi mailako futbolariak izan, izen apalagoak baizik. Ikechukwu Uche nigeriarra nabarmentzen da guztien gainetik. Urrutira joan gabe, lehen garaipena eman zion joan den larunbatean bere taldeari Los Carmenes zelaian. Hirugarren ahaleginean lortu dute, aurreko biak galdu eta gero Betis eta Malagaren kontra.

Xabi Prieto, Carlos Martinez bezala, ez da garaiz osatu, eta harmailetatatik begira egongo da. Hutsune garrantzitsua Philippe Montanierren marrazkian. Sasoiko egon ala ez, gehiago edo gutxiago gustatu, erreferentzia argia da taldearentzat erasoko jokoa garraiatzerakoan, eta ziur haren falta sumatuko dutela. Horrek ez du esan nahi donostiarrarik gabe mundua amaitu denik. Agirretxe eta Illarramendi hamaikakora itzultzeak hiru puntuak ziurtatuko ez dituen moduan. Realeko entrenatzaileak denboraldiko lehen atximurrak jaso ditu bi horiek aulkian uzteagatik Sanchez Pizjuanen. Harrigarria da futbolaren bi muturrak zeinen gertu dauden bata bestearengandik. Ezezagunak ezinbesteko bihurtu dira jada. Kasu horretan, 180 minutuko ibiliaren ostean. Bi partida baino ez. Jokalari gazteak izanik, mutrikuarra gainera hasi berria, ez da bidezkoa bat-batean halako pisua bizkarreratu behar izatea. Sasoiko egonagatik ere.

Estrada, hasieratik

Lodosako atzelariaren tokia betetzeko Dani Estradaren aldeko hautua egin zuen frantziarrak Bartzelonaren kontrako egunean. Eta bigarren aukera izango du gaur. Logika kontua da. Prietoren ordezkoa nor izango ote ez dago, ordea, horren begi bistan. Sarpongek izan lezake bere aukera aspaldiko partez, edo, bestela, Agirretxe eskuin hegalera eraman aurrealdean Ifran utziz.

Hemeretzi futbolarirekin osatu du zerrenda Montanierrek. Vela eta Zurutuza ageri dira, azken hori hala moduz ageri ere. Ez dagoela fisikoki bete-betean esan nahi baita. Larri itzuli zen Sevillatik, orkatila hazia zuela. Kanpoan gera liteke gaur. Badaezpada, Ruben Pardori dei egin zion berriro, eta aurrenekoz Joseba Llorenteri. Hondarribiaren itzulera izan da deigarriena.

Kanpotarrei dagokienez, Geijo aurrelaria, Juanma Lillok Realera ekarri nahi izan zuena bere garaian, eta Mollo utzi zituen etxean Fabrik. 35 urteren ondoren itzuli da Granada Donostiara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.