Diruak agintzen du futbolean, baina tarteka izaten dira lapurreta txiki batzuk. Lapurreta txiki horietan handienetakoa gertatu zen atzo Europako txapelketa nagusian. Hirugarren jardunaldian etxeko lan gehienak egiteko aukera ona zeukaten faboritoetako askok, baina, ezustean, galdu egin zuen Chelseak, eta berdindu Juventusek. Manchester Unitedek, Bartzelonak eta Bayern Munichek ere gorriak ikusi zituzten irabazteko. Zorionez, beti ez du diruak agintzen futbolean.
E multzokoa izan zen harrigarriena. Zozketa egin zuten egunetik bertatik, Chelsea eta Juventus ziren aurrera egiteko bi faboritoak, baina atzo galdu egin zuten ingelesek, eta berdindu italiarrek. Chelseak Xakhtarren aurka eman zuen amore (2-1) —Teixeirak eta Fernandinhok sartu zituzten etxekoen golak, eta Oscarrek ingelesena—; Juventusek 1-1 berdindu zuen Nordsjaelland ahularen zelaian. Beckmannek sartu zuen danimarkarren gola (50. min.), eta Vucinikek italiarrena (81. min.). Xakhtar jarri da sailkapen buruan, 7 punturekin, eta larri geratu da Juventus, hirurekin.
H multzoan eman beharreko gehienak eman ditu Galatasarayk, Clujen aurka 1-1 berdinduta, puntu bakarrarekin dagoelako, azken postuan. Multzo horretan Manchester United ibili zen estu eta larri. 0-2 galtzen hasi zen Bragaren aurka, eta azken unean irauli zuen markagailua (3-2), Hernandez (bi) eta Evansi esker.
Beste bi multzoetan, lehen zatian sufritu arren, Valentziak erakustaldia eman zuen gero Bate Borisoven zelaian, Soldadoren hiru golekin (0-3), eta Bayern Munichek ere irabazi egin zuen Lilleren zelaian, 0-1. Seina punturekin daude Borisov, Bayern eta Valentzia. G multzoan, berriz, azken minutuan irabazi zion Bartzelonak Celtic Glasgow-ri (2-1), Jordi Albaren golarekin. Spartak Moskuk 2-1 irabazi zion Benficari. Hirugarren jardunaldiko beste zortzi partida jokatuko dituzte gaur.
Harrotu egin dira talde apalenak
Chelseak galdu egin du, eta Juventusek, berdindu Txapeldunen Ligako ligaxkako hirugarren jardunaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu