Denboraldia bukatzear dago. Talde gehienak oporretan daude dagoeneko, baina oraindik bi gelditzen dira lanean ACB Ligako txapela janzteko lehian. Tau Baskonia eta Real Madril, denboraldiko bi talde onenak, aurrez aurre izango dira, gaur, denboraldi hasieran bezala. Irailaren 25ean, 19:00etan, Tauk eta Real Madrilek Superkopari hasiera eman zioten, ACB Ligako atariko txapelketari. Ia hamar hilabete geroago bi taldeok aurkituko dira berriro. ACBko txapela dago jokoan oraingoan.
Denboraldiko lehen partida hartan Real Madril izan zen nagusi, baina historiak ez du inolako eraginik finala tartean dagoenean. Bi taldeek erakutsi dute denboraldian zehar onenak direla. Tauk final bat jokatuko du sasoi honetan, eta Real Madrilek hirugarrena, baina ez dute koparik altxatu. Hala, denboraldi on bat biribiltzeko asmoa dute. Tauk Calderon errekupera dezake gaur, laguntza handia zalantzarik gabe Prigioniren belaunari atseden emateko. Dena den, jokalarietan baino gehiago, talde lan sendoan oinarritu da Baskonia finalera heltzeko, Unicajaren aurka erakutsi zuen bezala. Kantxa gainean ematen duen irudi hori gaur gauean errepikatzea ezinbestekoa izango da final handia irabazten hasteko.Real Madrilek denboraldi hasieran izan zuen joko eraginkorra urrun duen arren, konfiantza askorekin heldu da finalera. Defentsa ona egin izan dute partida gehienetan, eta horretan oinarritu dute jokoa. Erasoan, berriz, joko eroa egin izan dute. Dena den, Bozidar Maljkovicek jokalariek bikainak ditu bere aginduetara, eta partida erabakitzeko gai dira, bai kanpoko lerrotik, bai banakotasunen bitartez.
SASKIBALOIA. ACB LIGAKO FINALA
Hasi bezala, bukatu
ACB Ligako finalari hasiera emango diote gaur Gasteizen Tau Baskoniak eta Real Madrilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu