Txirrindularitza

Hasi da Euskal Herriko Itzulia, Legazpin

13:35etan abiatu da tropela, 137 kilometroko Legazpi-Legazpi etapa osatzeko. Iaz baino ibilbide samurragoa prestatu dute antolatzaileek. Itxura batean, azken eguneko erlojupekoan erabakiko da lasterketa.

2008ko apirilaren 7a
14:05
Entzun
Gaur hasi eta datorren larunbata bitartean jokatuko da Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia. Hain zuzen ere, Legazpin (Gipuzkoa) hasi da, 13:35etan, Legazpi-Legazpi 137 kilometroko etaparekin.

Iazko esperientzia gogoan, ibilbide samurragoa prestatu dute aurten antolatzaileek. Izan ere, aurkeztu zuten iazko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea, eta den-denek, antolatzaileek, txirrindulariek eta taldeetako zuzendariek, bat egin zuten euren hausnarketan: gogorregia da. Jokatu zen lasterketa, eta berriro ere berdin, baina pasatakoak ematen duen eskarmentua euren hitzei gehituta: gogorregia izan da. «Oso arriskutsua ere bai!», bota zuten batzuek, behin Oiartzungo erlojupeko ezin bihurriagoa jokatuta.

Gaur hasi dena, berriz, leunagoa, eramangarriagoa da denen ahotan. Eta, printzipioz behintzat, ez zaie arrazoirik falta, ibilbidea ikusita. Denen neurrira egindakoa dela dirudi. Legazpitik aterako diren esprinter bakanek nabarmentzeko aukeraren bat edukiko dute; etapa ehiztariek ere badituzte ihesean ibiltzeko nahi adina muino eta tranpa; eskalatzaileentzat badaude bizpahiru aldapa tente samarrak, eta erlojupekoetako espezialistek 20 kilometroko barruti polita dute azken egunean. Gainera, aurretik zer dagoen ikusita, hor, azken egunean, Orion, erabakiko da lasterketa. Beraz, denen neurrira egindakoa da aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Halere, Alberto Contadorren (Astana) dohainak aztertu, eta harentzat ezin egokiagoa dirudi.

Zerbaitegatik da lasterketa irabazteko faborito nagusia. Batetik, sasoiko dagoelako. Bestetik, ibilbidea aproposa delako berarentzat; eta, azkenik, nola bera hala taldekideak amorratuta daudelako, UCIk Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunak Frantziako Tourretik kanpo utzi dituelako. Hori dela eta, are arriskutsuagoak dira.

Txirrindularien ustez, Astana gaur bertan hasiko da lasterketa kontrolatzen. Hurrengo larunbatean Oriora heldu arte, sei etapa eta 838 kilometro dituzte, baina Astanak badu horretarako gaitasunik. Halere, lehen etapa arriskutsua izan daiteke; mugitua, behintzat, bai. Legazpitik abiatuta, zazpi muino gainditu beharko dituzte txirrindulariek, horietako bat bera ere oso gogorra ez izan arren. Dena den, helmugatik sei kilometro eskasera dagoen Deskargako gainak lasterketa hautsi dezake. Iaz Urretxun bukatutako lehen etapa ere antzekoa izan zen -muino batean bukatu bazen ere-, eta bakan batzuek segundo dezente galdu zituzten.

Bigarrenean, Erandiora bidean, ez da hori gertatuko. Etapa aproposa izan daiteke esprinterrentzat; baita urrunetik jo nahi dutenentzat ere. Hala eta guztiz ere, Ixua -Arrateren %90 igotzen da- igaroko dute hasieran, eta horrek berea eragin dezake, abiadura dezentekoa bada. Hirugarrenean, berriz, Vianarako bidean, ez dituzte Ixua bezain aldapa tenteak igoko, baina Araba eta Nafarroa arteko goi ordeketan haizeak indar handiarekin jo dezake. 1998an, esaterako, Aguilar de Codesko jaitsieran hautsi zen tropela, eta, neurri handi batean, han erabaki zen lasterketa. Igoera luzea du mendate horrek, oso-oso leuna izan arren, eta jaitsiera ere halakoxea da.

AZKEN EGUNEKO TRANPAK. Hurrena, Gasteiz arteko bidea egingo dute, urtero-urtero errepikatzen den zirkuituan barna. Normalean ihesaldiak sortu izan dira, baina esprinterrek euren legea ezarri ohi zuten akaberan. Iaz, berriz, tropela txikitu zen azken mendatean, eta Gasteiz arteko bidea ziztu batean eginda, txirrindulari garrantzitsuak heldu ziren ihesean.

Sailkapen nagusiko lehiatik kanpo gelditu ziren batzuk orduan. Aurten, berriz, azken-aurreko saioak egin dezake galbahea. Hasteko, etaparen erdia egin baino lehenago, Gorla eta Santa Ageda igoko dituzte txirrindulariek. Hego Euskal Herriko mendaterik gogorrenetakoak dira, dudarik gabe. Talderen batek, indarrik baldin badu behintzat, txikizioa eragin dezake. Baina txikizioa helmugatik gertu kokatutako Aiako tranpak eragingo du. Kilometro eta erdiko aldapa, baina sekulako pendizekoa. Hor zehazten ez dena erlojupekoak zehaztuko du, zehatz-mehatz zehaztu ere. Horregatik da denen neurrira egindakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.