Hasi den arren, ligaxkan tentsio gutxi

Irujoren erritmoak erabaki zuen, herenegun, Binanako Txapelketaren lehen jardunaldiko azken partida

Igor Susaeta.
2007ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Hasi, hasi da enpresen ligaren Binakako Txapelketa. Baina galtzeaz edo irabazteaz aparte, ezer gutxi dago jokoan aurreneko ligaxkan. Izan ere, multzoko azkena edo lehena izanda ere, den-denek, lehian ari diren zortzi bikoteek jokatuko dute final-laurdenetako kanporaketa. Hortaz, espero zen bezala-aurreko ekitaldietan gauza bera gertatu zen-, lehen jardunaldiko lau partidak tentsio gutxikoak izan dira. Pilotalekuetan ere jende gutxi, partidak txapelketakoak izan arren. Herenegun jokatu zen Tolosan, lehen jardunaldiko azken partida, eta Martinez Irujo-Goñi III.ak 22-14 irabazi zieten Koka-Otxandorenari.

Partida ez zen aspergarria izan, baina tentsioa, apenas. Apustuzaleen artean ere ez. Eta nola apustuzaleek hala pelotazale soilek erritmoa eta tentsioa maite dituzte. Koka eta Otxandorena aurreratu ziren markagailuan (6-9); Koka aurrelari fina delako eta tantoak bukatzen badakielako. Gainera, pilota atzeratzen ere badaki. Baina Martinez Irujo, Martinez Irujo da. Zerbaitegatik irabazi zituen, iaz, binakakoa, manomanista eta lau t'erdikoa. Hortaz, esnatu zenean, lehia bizkortu zen, eta Kokaren defentsa behartu zuenean, akabo. Ezkerrez egindako pare bat mozketa, gantxo bat, pare bat dejada, saketik egindako beste pare bat... Eta esan bezala, akabo. 14-1eko partziala egin zuten 2005eko txapeldunek. Goñi III.ak ere berea lagundu zuen. Bi pilota besterik ez zituen galdu.

Otxandorena ere serio aritu zen lanean. Ia ez zuen hutsik egin, eta Zubirikoak baino gehiago gozatu zuen. Baina Irujok partidaren erritmoa aldatu zuenean... Esnatzen denean, den-dena eta den-denak aurretik eramaten ditu Iberoko txapeldunak. Argi dago, beraz, Martinez Irujo-Goñi III.a txapelketako bikoterik indartsu eta orekatuenetakoa dela. Nahiz eta partida tentsio gutxikoa izan. Nahiz eta ligaxkak ezer gutxirako balio.

Titin III.az eta Lasa III.az beste horrenbeste esan daiteke. Elkarrekin hamaika aldiz jokatu dute, eta hori ondo baino hobeto nabaritzen da frontoian. Beteranoak dira jada, baina joan den larunbatean lezio ederra eman zieten Bengoetxea VI.ari eta Ruizi. Lasa txapelketetan hazten den horietakoa da. Adi, beraz.

Gonzalez-Pascual ere antzean txukun aritu ziren, Tolosan, Errege Magoen Egunaren bezperan. Leiza-Zearrari irabazteko, berriz, aurkariek gogotik lan egin beharko dute. Halere, lehen jardunaldian gertatutakoa ezin da ondorio argigarrien iturburu fidagarriena izan. Baina gauza bat nabaria da: ligaxkan ez dago tentsiorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.