Hasi dira finalak

Gaur Levanteren aurka lehen partida irabazi eta sailkapeneko putzutik aldendu nahi du Osasunak

2007ko irailaren 26a
00:00
Entzun


Gaur Levanteren aurka lehen partida irabazi eta sailkapeneko putzutik aldendu nahi du Osasunak
asier legarda-ereño

Iruñea

Igandean Zaragozan jokatu zuen Osasunak, eta bezperan Jose Angel Ziganda entrenatzaileak ez zuen bere harridura ezkutatu, Zaragozako kazetariek Osasunaren aurkako partida final bat zela eta gorritxoei nola edo hala irabazi behar zietela esan zutela ikusi eta gero. Hiru egun geroago, ordea, final hitza ahoz aho dabil Iruñean, eta ez jada Zaragozan. Denboraldiko laugarren partida final bat dela esatea ergelkeria itzela da, baina futbola emaitzen diktadurapean dagoenetik, sasoi osoan finalak ikustera ohitu dira futbolzaleak.

87 urteko historian benetako final bakarra jokatu du Osasunak: 2004-05 denboraldiko Espainiako Kopako finala. Gaur iluntzekoa ez da finala, irabazten duenak ez baitu titulurik lortuko eta galtzaileak akatsak zuzentzeko aukera dezente izango baititu oraindik. Hori bai, partida garrantzitsua da. Bi taldeentzat, gainera. Osasunak eta Levantek oraindik ez dute partidarik irabazi. Sailkapeneko postu arriskutsuetan dira bi taldeak, eta gaur hiru puntuak batu eta zulotik alde egitea da bien helburua.

«Sailkapenaren goialdean dauden zenbait taldetan ere entzun dugu jada proiektua koloka dagoela. Inor ez da salbatzen hemen, entrenatzaileak aldatu egin behar direla, zenbait proiektuk jada porrot egin dutela. Denbora gutxi behar da gaur egungo futbolean porrotaz hitz egiteko. Dena dela, une zailetan bere talde filosofiari eusten dion taldeak abantaila izango du, nire ustez», esan zuen atzo Jose Angel Zigandak, laugarren partidan «derrigor irabazi beharreko partida», «lehendabiziko finala» eta halako esaldiak entzuteak harritzen ote duen galdetu ziotenean. Zigandak badaki non dagoen. Emaitza txarren ondorioz taldeen inguruan sortzen den presioa emaitzak hobetzen ez dituzten bitartean alboan izango dutela badaki. Eta, batik bat, hori ekiditeko irabazi nahi dio gaur Levanteri.

Zigandak ez zuen final hitza erabili. Baina irabazi beharreko partida dela onartzeko lotsarik ez zuen izan: «Irabazi egin behar da. Puntu beharrean diren bi talderen arteko norgehiagoka izango da. Bihar irabazten ez duenak Liga maldan gora hasiko du. Ea irabazten dugun, hurrengo partidetan oraingoan bezainbesteko presiorik gabe jokatzeko aukera emango baitigu garaipenak. Liga hasiera baldintza dezake partida honek», adierazi zuen Larraintzarko entrenatzaileak.

Hori bai, Levante Osasuna baino talde eskasagoa ez dela gogoratu zuen entrenatzaileak, badaezpada: «Levanteren partidak ikusi ditut, eta lau partidatan puntu bakarra lortu badute ere, talde ona da. Athleticen aurka galdu egin bazuten ere, irabaztea merezi zuten. Racingen aurka ere galdu egin zuten, eta partida hura ere, gutxienez, berdintzea merezi izan zuten. Ez dezagun pentsa Levante baino gehiago garenik. Savio, Riga, Miguel Angel, Berson, Viqueira eta halako jokalarien kalitatea ezagutzen dugu -Riga eta Savio deialditik at utzi zituen atzo Abel Resinok, dena dela-. Etxean jokatuko dugu, eta irabazten ahalegindu behar dugu, baina kontuz».

Zigandaren ustez, Zaragozako partidan Romaredako zaleek garrantzi handia izan zuten Victor Fernandezen taldeak bigarren zatian izan zuen susperraldian, eta gaur iluntzeko lehian Nafarroako Erresumako zaleek antzeko lana egingo dutela uste du Zigandak, «zale bikainak baititugu».



DELPORTE, HASIERATIK ZIURRENIK. Zigandak ez zuen hasierako hamaikakoaren inguruko argibiderik eman atzo, eta min hartuta dauden jokalariak izan ezik, beste guztiak sartu zituen deialdian. 22 jokalari bildu ziren atzo gauean Berriobeitiko El Toro hotelean. Monreal, Igotz, Hugo Viana eta Nekunam min hartuta daudelako geratu ziren deialditik kanpo. Gaur goizean egingo dute gorritxoek azken lan saioa, Taxoaren, eta deialdian daudenetatik lau jokalari harmailetan geratuko dira azkenean.

Hamaikakorik eman ez bazuen ere, Ludovic Delportek beharbada hasieratik jokatuko duela jakinarazi zuen atzo Zigandak. Sasoi honetan lehendabiziko aldiz erdilari frantziarra hasieratik jokatzeko moduan ikusten duela adierazi zuen Larraintzarkoak: «Bai, hasieratik jokatzeko moduan dago, ez dakit zenbat minutu jokatzeko moduan dagoen, baina ezker hegalerako aukeretako bat da». Erdilari frantziarrak ezer ez dakiela esan zuen gero emandako prentsaurrekoan, baina fisikoki gero eta hobeto dagoela eta hasierako hamaikakora itzultzeko irrika duela aitortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.