Caja Laboral Baskonia 92 - Joventut 74

Hasi, hautsi, eutsi eta indarra hartu, dena bat

Baskoniak 10-0eko partzialarekin ekin dio, eta ez da lehiarik izan; Causeur eta Cabezas izan dira onenak

Andoni Urbistondo.
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Heurtel (2), Causeur (13), San Emeterio (14), Nocioni (11), Lampe (14) —hasierako bostekoa—; Cabezas (12), Oleson (14), Milko Bjelica (9) eta Hernandez-Sonseca (3).

Joventut. Fisher (7), Quezada (9), Tomas (4), Llovet (9), Kuzmic (6) —hasierako bostekoa—; Oliver (9), Ehambe (8), Gaffney (16), Savane (8) eta Ventura.

Markagailua. 24-15, 47-38 (atsedenaldian); 72-54 eta 92-76.

Epaileak. Conde, Araña eta Soto. Kanporatuak: Baskoniako Hernandez-Sonseca (35. min.).

Bestelakoak. 9.086 ikusle B. Arenan.

Buruko mina uxatzeko botika eraginkor eta azkarren bat behar zuen Baskoniak Joventuten aurka, eta bilatu egin zuen. Indarrez hasi zuen norgehiagoka, eta, aurkaria eta zaleak konturatzerako, partida hautsi: 10-0 aurreratu ziren arabarrak, Joventut bost minutu luzetan saskiratu gabe utzita, eta hortxe bukatu zen partida. Badalonako taldeko entrenatzaileak, Salva Maldonadok, hasieratik kantxaratu zuen bostekoa aldatu zuen kolpe bakarrean. Partidan sartzen saiatu zen berriro Joventut, 6-8 punturen kontrako aldearekin, baina Baskoniak ez zion utzi lan hori bukatzen.

Atsedenaldian 47-38 erakusten zuen markagailuak, 20 minutuan buelta emateko moduko zenbakiak, baina Baskoniak egurtu egin zuen Joventut azken bi laurdenetan. 15-20 puntu bitarteko aldeak lortu zituen, eta norgehiagokako azken ordu laurdena soberan egon zen: saskiratze azkarrak eta jo on-onik ez kantxako bi aldeetan. Bukaeran, 16 punturen alde erosoa Baskoniarentzat.

Dusko Ivanovicek Fabien Causeur kantxaratu zuen hasierako bostekoan. Frantziarrak, oraingoz, ez du tokirik lortu txandakatzean, eta toki hori lor dezan kantxaratu zuela aitortu zuen entrenatzaileak partida osteko prentsaurrekoan. Emaitzari erreparatuz gero, erabaki zuzena izan zen, Causeurren defentsa intentsitateak eta korrika egiteko gaitasunak jarri baitzuen Baskonia aurretik lehen laurdenean. Orduan lortu zituen zortzi puntu eskoltak, eta Olesonen hutsunea apenas nabaritu zen. Causeurrek 13 puntu saskiratu zituen denera.

Carlos Cabezasek ere partida ona jokatu zuen. Ez zen hasierako bostekoan irten, Ivanovicek gustukoagoa baitu Heurtel, baina andaluziarrak 15 puntuko balorazioa lortu zuen, taldeko onenetakoa, eta hurrengo partidei begira konfiantza hartzeko baliagarria izango da. Causeur eta Cabezas garrantzitsuak izan ziren, baina baita Lampe, San Emeterio eta Oleson ere. Hirurek 16 puntuko balorazioa lortu zuten, eta talde lanarekin, emaitza ia beti onena izaten dela frogatu.

Garaipenari bainaren bat jartzekotan, Nocioniren jarduna. Argentinarrak 11 puntu on saskiratu zituen, eta zortzi alderatze bereganatu, baina, Zalgirisen aurka bezala, presaka jokatu zuen sarri, eta sei baloi oparitu aurkariari. Etzidamu, Milanen, presak alboratu eta burua hotz duela jokatu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.