Hasi orduko, kalera

Baionak Jean-Pierre Elizalde kirol zuzendaria kendu du kargutik, hura klubera itzuli eta 42 egun eskaseraDidier Faugeronek eta Denis Avrilek zuzenduko dute taldea aurrerantzean

Didier Faugeron, Stephane Pouget eta Denis Avril: Baionako gibelekoen entrenatzaile, kirol zuzendari eta aitzinekoen entrenatzaile berriak. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Jean-Pierre Elizalderenak egin du. Joan zen abenduaren 3an iritsi zen Baionara, kirol zuzendari lanak egitera, eta urtarrilaren 15ean galdegin diote «gibeltasuna hartzeko» Stephane Pouget, Baionako kirol zuzendari berriaren erranetan. 42 egun egin dituorotara Elizaldek Baionan, porrot egoera berresteko eta irtenbiderik ez zegoela ohartzeko. 42 egun, Baiona berriz ere Top 14ko mundutxoan txiste eta adarjotzeen gai gustukoena bihurtzeko.

Beste behin, Baionak entrenatzaileak aldatu ditu. Kazetariak bildu, psikodramaren argazkia eman eta «taldea estutzea» promes egin du, bigarren mailara ez jaisteko. Iragan apiriletik hona, panorama harritzekoa da: Baionak orotara hiru presidente eta zortzi entrenatzaile ezagutu ditu.

Azken aldaketen ondorioz, Didier Faugeronek hartuko du taldearen zuzendaritza. Aldi berean, gibelekoak entrenatuko ditu. Aitzinekoak, berriz, Denis Avrilek entrenatuko ditu. Orain arte jokalari zen Avril, eta bere taldekide ohiak zuzendu beharko ditu.

Avrilek jokatzeari utziko dio, beraz, eta entrenatzaile bideari ekin. «39 urterekin, orria itzuli beharra neukan. Postua hartzeko deia jasotzean, zaila izan zait baietza ematea. Bat-batean jokalari izateari uztea erran nahi zuen horrek. Baina errugbia maite dut, eta dena emanen dut Baionagatik, asko zor diot eta», aitortu zuen atzo Avrilek.

Borondate on guztia izan arren, Avrilek ez dauka eskarmenturik entrenatzaile lanetan, eta haren ondoan, aspaldiko ezagunak izanen dira. Zelaian egonen ez diren arren, Jean-Mixel Gonzalezek eta Thomas Lievremontek lagunduko dute Avril, entrenamenduen programazioa egiten. «Deitzen baditut, badakit lagunduko nautela», zehaztu du Avrilek. Egoera, beste behin, tragikomikoa da Lievremontentzat. Abenduaren 3an entrenatzeari uztea galdegin zion klubak, eta orain Avril aholkatzen ariko da... Avrilekiko laguntasunez onartu du Lievremontek eskaera.

Eta Elizalderekin zer gertatuko da? Baionak oraindik ez du itxi Christian Gajan eta Lievremontekin duen auzia, «kontratuaren etetea» negoziatzeko. Orain, kontratu mugagabea du Elizaldek, eta haren kaleratzea negoziatu beharko du. Hasieran, Elizalde Alain Aflelou klubeko presidentearen aholkularia bihurtu behar zen ekainetik aitzina. Orain, ordea, ez da horrelakorik gertatuko. Aflelouk oso hitz gogorrak izan zituen atzo Elizalderen aurka: «Beti kexuka ari zen, erranez taldea ez zela kalitatezkoa, azpiegitura txarrak genituela, eta irtenbiderik ez zuela mailaz ez jaisteko. Ez genuen ehorzle baten beharrik».

Aflelouk ondoren botatakoek hainbat galdera dakartza, Baionan erabakiak hartzeko moduari buruz: «Elizalde hori ez nuen ezagutzen. Klubetik kanpoko batzuek aholkatu ninduten hura fitxatzera», zur eta lur gelditzeko moduko hitzak, hilabete lehenago Aflelou eta Elizalde ondoan prentsaren aitzinean egon eta gero. Orduan, Aflelouk adierazi zuen Elizalde bere aholkulari berezia izanen zela ekainetik aitzina, eta aspalditik ari zela harengan pentsatzen postu horretarako. Ez da harritzekoa Elizalderen harridura. «Hitzik gabe nago, mundua oinpetik erori zait. Jada ez nau ezerk harritzen, atsekabetzen», esan zuen atzo.

Jokalarien botere hartzea

Azken aldaketak ikusiz, argi dago jokalarien eragina handia izan dela Elizalderen kanporatzean. Elizaldek gaiztoaren rola bete du, eta jokalariak ez zuten gustuko. Elizaldek berak onartu zuen ez zuela «bat egin». Hego hemisferioko jokalariekin arazoak izan zituen. Entrenamendu batean Lauakirekin liskar handia ukan zuen. Ostegunean, Bordeleren aurkako partidaren ondotik, Rokocokori bereak eta bi erran zizkion. Jokalariek , orduan, Rokocokoren defentsa hartu zuten.

Elizalde kaleratzea jokalarien eskaera bat da. «Jokalariak erabakiaren parte izan dira, zuzendaritzaren beste hainbat sailekin batera», esan zuen Pougetek. Jokalariek edozein ardura ukatu dute. «Jokalariek ez dugu boterea hartu. Presidenteak hartzen ditu erabakiak, eta guk gure lana egiten dugu: errugbian jokatzea», azpimarratu zuen atzo Cedric Heymansek. Antzeko hitzak esan zituen Marc Baget kapitainak. «Presidentearen iritzia onartzen dugu, ez gara aktore izan, ikusle baizik».Jarraian, hala ere, gaineratu zuen jokalarien iritzia kontuan hartu dela, baina «kirolari dagokionez bakarrik». Jokalarien ukazioek ez dute inor engainatzen. Haiek nahi izan dute Elizalde joatea, eta presidenteak haien alde egin du. Zelaian beste itxura bat erakutsi beharko dute orain, zaleak oso haserre baitaude. Jokalariek galtzak bete lan izanen dituzte aldaketa bereganatzeko, ez jaisteko eta zaleen konfiantza berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.