Buruz burukoa irauli dute. Kursaal Torneori gatza gehitu diete azken urteetan. Lizaso eta Ezkurraren diktadura dardarka utzi dute, euren tokia aldarrikatuz. Miguel Mari Urrutia gaztea da, gazterik onena; Patxi Zeberiok, berriz, kirol ibilbide guztia ikasketa prozesu bat dela erakutsi du. Biak, gainera, sasoi onean daude; buruz burukoa ondo hasi dute behintzat, eta bietako batek finalean sartzeko pauso erabakigarria eman dezake gaur, Galarretan. Horretarako, sentsazio onak berretsi behar dituzte, ondo hasiriko txapelketaren fruitua jaso.
Kursaal torneoko finalerdietako ligaxkako bigarren partida jokatuko dute Urrutiak eta Zeberiok. Azken urteetan euren arteko norgehiagoka klasiko bihurtu da, txapelketako azken bi aldietan hiru jokatu baitituzte, eta beti izan dira orekatuak. Hiruretatik bi Zeberiok irabazi ditu: aurrenekoa, garrantzitsuena, 2006ko finalean (35-31), eta bigarrena, iaz, finalerdietako ligaxkan ere (35-28). Urrutiak, berriz, 2006an irabazi zion txapeldunari, finala galdu aurretiko ligaxkan.
Zeberiok hirugarren finala jokatu nahi du jarraian aurten, eta, horretarako, 33 tanto egitea aski du. Hura izango da faborito apustuzaleentzat, 100-70i, txapelduna izateaz gain iragan larunbatean Ezkurrari irabazi ziolako batez ere. Txapeldunak ez zuen beste munduko jokorik egin, ezta ondo sakatu ere, baina hala ere irabazi egin zuen, eta horrek bere aldeko ustea puztuko zuen. Txapelketako aurreneko partidan ondo mugitu zuen pilota, errebesez ere oso ondo konpondu zen, eta fisikoki kontrarioa baino hobeto iritsi zen azken txanpara.
Larunbateko garaipenaren saria jasotzea dagokio gaur, finalera sailkatu eta Urrutiak eta Ezkurrak larunbatean jokatuko duten partida lasai asko ikusteko aukera eduki. Ez da lan erraza izango baina. Urrutiak bi partida jokatu ditu, eta bietan ikusgarri aritu baita. Lehenbizi Juaristiri irabazi zion (35-18), eta gero, Lizasori (35-21). Bietan jaun eta jabe izan zen, bikain sakatuz, eta Lizasok argi eta garbi esan zuen aurten Saldiaskoa inoiz baino hobeto dagoela, eta goiko bietakoren bati ustekabea emateko gai ikusten duela.
Urrutiaren sakea
Aurreko bi partidak nagusitasunez irabazi ditu, eta Urrutiari fisikoki inoiz baino hobeto dagoela antzematen zaio. Jendaurrean eman dizkio eskerrak Iosu Juaristiri, besteak beste Abel Barriolaren lan fisikoa zuzentzen duen prestatzaileari, eta badaki gaur hauspoak berebiziko garrantzia izango duela. «Zeberio partida gogortzen saiatuko da, tantoak luzatzen. Ezkurraren aurka binakako partidetan ikusten ari ginena erakutsi zuen: Patxi joko handiarekin dagoela».
Hauspoz ondo egonagatik, Saldiaskoak aurreko partidetan sakearekin egin du min gehien. Hura da sakatzailerik onena, eta Lizaso eta Juaristi saketik hondoratu zituen. Gaur ere sakearekin asmatu beharko du, Zeberio tanto bakoitzean behartu ezean kosta egingo baitzaio irabaztea. Urrutiak ere badaki. «Hura da faborito, eta partida oso gogorra izanen da. Baina ni nirea egiten saiatuko naiz, sakearekin min egin, nire erritmoa jarri eta ongi errestatzen. Errestoarekin asmatzen badut, nire aukera izanen dut». Binakako azken partidetako estatistika, behintzat, alde du, 2008an bost aldiz jokatuko dute elkarren aurka, eta hiru irabazi ditu.
Hasiera onaren fruitua
Zeberio II.ak Urrutiari 33 tanto egitea aski du gaur, hirugarren urtez jarraian Kursaaleko finalerako sailkatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu