Mikel Gonzalez. Realeko jokalaria

«Hasieratik ari denak besteon babesa sentitu behar du»

Hasieratik jokatu zuen Mikel Gonzalezek asteartean, Granadaren kontra, Philippe Montanierrekin aurrenekoz, baina norberaren buruari begira hasi gabe, multzoaren balioa nabarmendu du arrasatearrak. Hasiera onak konfiantza eman diela aitortu du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean sei urte bete ziren Mikel Gonzalezek (Arrasate, Gipuzkoa, 1985) lehen taldearekin debuta egin zuenetik. Mallorcaren zelaian izan zen, txuri-urdinen hurrengo geltokian. Ez du oroitzapen goxorik gorde hartatik. Arrosak arantzak dituela ezagutu zuelako. Ikasten ikasteko balio izan zion. Futbol mundurako behar bezala prestatzen. Vadim Demidovekin lehiatuko da hamaikakoan jarraitzeko.

Zazpi punturekin lasai zaudete, kontrakoa gertatu behar zuela zirudienean. Hasiera gogorragatik, agian.

Denen kontra jokatuko dugun arren, bagenekien hasiera zaila genuela. Egutegia gogorra zela oso. Bi partida irabazteaz gain, Bartzelonaren kontra berdintzeak eta Sevillan serio aritzeak indarra eman digu. Iruditzen zait datorkigunari begira baikor egoteko moduan garela.

Puntuei esker, denbora ere irabazi duzue.

Bai, eta egiten ari garen lanak fruituak eman ditzakeela ikusi dugu. Horrek, noski, konfiantza handia eman digu. Granadaren kontrakoaren ondoren, aipatu genuen irabazi ezean jada estu samar joango ginela Palmara. Oso garrantzitsua izan zen aurkari zuzen bat etxean mendean hartzea. Lasaiago lan egiteko aukera eman digu, eta denboraldi bukaeran ziur estimatuko ditugula puntu horiek.

Adarra jo al zenioten Dani Estradari sartutako golagatik?

Ez, ez. Berak aitortu zuenez, atera jaurti zuen, eta ez da halakoren bat ikusi diogun lehen aldia. Oso ongi astintzen du baloia entrenamenduetan.

Zortearen igurtzia ez ote duen jokaldi horrek...

Nik hiru puntuak ikusten ditut jaurtiketa horretan. Ez dago besterik.

Gauza bategatik edo besteagatik, bost aldaketa egin zituen Montanierrek asteartean, eta multzoak azterketa gainditu zuen. Horrek ez al du sekulako balioa aurrera begira?

Bai. Lesioak eta zigorrak tarteko, edo norberaren mailak behera egin duelako, aldaketak egongo dira edozein unetan, ziur, eta prest egotea da gure lana. Taldeari egin diezaiokegun ekarpenik garrantzitsuena horixe da.

Entrenatzaileak beste bi atzelariren aldeko apustua egin duenez, zure aukeraren zain zeuden. Nola ikusi zenuen zeure burua?

Entrenatzaileak beste jokalari batzuei begiratu die hasiera honetan, eta, jokatu ezin denean, hamaikakoan sartzen direnei lagundu behar zaie. Eta gogor entrenatu. Nik itsu-itsuan sinesten dut eguneroko lanean. Prest egon behar da aukera dagoenerako. Irabazi egin genuen golik jaso gabe. Ezin gehiago eskatu. Gustura utzi nuen zelaia.

Partida guztia jokatzera ohitu zara azken urteetan. Zer sentitzen duzu orain?

Ez da erraza deskribatzea. Aldez aurretik badakizu gerta dakizukeela, eta beste betebehar batzuk dituzu orduan. Ezer baino lehen, ahalik eta sasoikoen egon beharra dago, aukera iristen denerako, edozein egoeratan zelairatzea tokatuz gero. Eta, jakina, jokatu behar duenaren aldamenean egon behar da, babestuz, animatuz. Elkartasuna sentitu behar du. Hori ezinbestekoa da. Gurea aldagela apala da, etxeko jokalariz betea, eta taldekideak baino gehiago lagunak gara. Horrek ere badu zerikusia azken emaitzan.

Zaleen babesak duen moduan. 24.000 ikusle elkartu ziren asteartean!

Jarraitzaileek gurekin bat egin duten adierazle da hori. Bion arteko tratua da. Guk ezer emanez gero, badakigu haien erantzuna nolakoa izango den.

Taldeari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke lehen partida hauetatik?

Baloiak zehazten du gure jokatzeko era; estilo aldaketa izan dugu denboraldi honetan. Horrez gain, uste dut aurkari deserosoa garela edozeinentzat, zaila. Lehiakorrak izaten ari gara.

Mallorcaren zelaian egin zenuen debuta, eta 5-2 galdu zenuten. Toki berezia al da zuretzat?

Ez, ez daukat halako sentipenik. Partida hura ez dut nire estreinalditzat jotzen. Ez nuen elastikoa gorde ere egin! Ez zitzaizkidan gauzak batere ongi atera.Ez zen izan espero nuena. Hala ere, iruditzen zait gerora begira askorako balio izan didala orduko zartako hark. Mesede egin dit. EHUtik —Reala B-ren atzetik zegoen taldea, Hirugarren Mailan, nahiz eta egun desagertuta dagoen— zuzenean pasatu nintzen lehen taldera, eta jauziaikaragarri handia izan zen. Ez neraman behar bezalako prestaketarik. Beste bi norgehiagoka ere jokatu nituen, eta ondoren bigarren taldera itzuli nintzen. Denboraldi zoragarria izan zen azkenean. Igoerako kanporaketak ere jokatu genituen. Asko ikasi nuen hartatik.

Arantza kentzeko ez al da unerik aproposena?

Nik ezagutu dudan Mallorca beti izan da lehiakorra. Azken denboraldietan, gainera, oso indartsu ari dira jokatzen etxean. Esaterako, duela bi denboraldi Txapeldunen Ligarako sailkatzeko zorian izan ziren, eta aurreko sasoian, berriz, azken partidak kenduta, eroso aritu ziren. Badakit arazoak dituztela eta bazterrak nahastuta daudela, baina ezin gaitezke fidatu. Hasiera engainagarria egin dute.

Igandean da partida, 12:00etan. Nola egokitzen duzue gorputza?

Oraindik ez dakigu entrenatzaileak zer pentsatu duen. Lasarterekin, behintzat, zortziak aldera esnatzen ginen, otordu indartsua egiteko. Aitortzen dut ordu horretan lanak izaten ditugula makarroi platerkada on bat jateko. Ondoren, entrenatzailearen azken aginduak jaso, eta futbol zelaira.

Gogoko al dituzu ordutegi horiek?

Niri, behinik behin, bost axola zait. Horretarako prestatzen dugu gorputza aste osoan, eta ez dago inolako arazorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.