Hasieratik ezinean

Mikel Odriozola ezinean ibili da Munduko Txapelketan, ibilketako 50 kilometroko proban, eta kanporatu egin dute

Donostia
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Mikel Odriozola kanporatu egin zuten atzo goizean Daegun (Hego Korea), Munduko Txapelketako ibilketako 50 kilometroko proban. Errenteriarrak lehen zortzien artean sailkatzeko helburua zeukan arren, irteeratik ezinean aritu zen, eta gorputza ezin izan zuen bere onera ekarri. Londresko Olinpiar Jokoei begira jarri da jada; hirugarren Jokoak lituzke Odriozolak. Sergei Bakulin errusiarrak irabazi zuen proba, Denis Nizhegorodov herrikidearen eta Jared Tallent australiarraren aurretik.

Errenteriarrak ezin izan zuen ohiko mailarik eman. Itxaropentsu iritsi zen Daegura, prestaketa lana aldatuta. Ohi baino atseden gehiago hartu zuen, eta fisikoki ongi zegoela esan eta esan aritu zen bezperan. Hala ere, atzo, lasterketa hastearekin batera geratu zen atzean, emaitza ona lortzetik urrun. «Ez dago aitzakiarik, hasieratik ezinean ibili naiz, eta hutsak horren ondorio izan dira», onartu zuen Odriozolak lasterketa amaitu bezain laster. Lasterketaren hiru-laurdenak egin zituen, 34. kilometroan kaleratu zutelako, hirugarren abisua jaso ondoren.

Atzokoan eguraldia ez zuten lagun izan, bero handia egin baitzuen. Beroaz gain, hezetasuna ere nabaritu zuten Daeguko zirkuituan. Odriozola Mallorkan aritu da entrenatzen azken asteetan, bertako giroa eta Daegukoa antzekoak izango zirelakoan. Baina alferrik. Hego Koreako berotan urtu zen. Hala ere, egindakoa ahaztuta, aurrera begira jarri da jada 38 urteko lasterkaria.

Akatsaren ostean, Usain Bolt

Usain Bolt indartsu berragertu zen atzo, 100 metroko proban egin zuen hutsaren ondoren. 200 metroko finalean aritu zen atzo, eta ez zuen kale egin. Bere ohiko mailara itzuli zen. Gainontzeko aurkariei ez zien aukerarik eman, hasieratik amaierara arte kontrolpean izan zuelako finala. Munduko Txapelketako lehen urrezko domina eskuratu zuen atzo jamaikarrak.

Final gehiago ere izan ziren atzo. Emakumezkoen 100 metro hesidunetako finalean Sally Pearson australiarrak lasterketarik galdu gabe jarraitzen du. Gainera, urteko marka ondu zuen, 12,47 segundoko denborarekin. Bigarren posturako lehia estua izan zen, ehuneneko gutxiko tartea egon zelako Danielle Carruthers eta Dawn Harperren artean. Eguneko beste final parekatua emakumezkoen gorako jauzikoa izan zen. Saio estua espero zen Blanka Vlasic bi aldiz munduko txapeldun izandakoaren eta Anna Txitxerovaren artean. Eta estua izan zen oso. Biek 2,03 metroko jauzia egin zuten, baina errusiarrak ez zuen hutsik egin finalean, eta horri esker irabazi zuen urrea. Kroaziarra ez zegoen sasoirik onenean, min hartuta egon delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.