Hasteko, errebantxa

Binakakoa eta Olaizola II.a eta Irujoren artekoa hartuko ditu Andre Mari Zuriaren torneoak, abuztuaren 4ik 8ra

Aspeko eta Asegarceko pilotariak, Andre Mari Zuriaren torneoaren aurkezpenean, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARP.
jon eskudero
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Bere sustraietara itzuliko da aurten Andre Mari Zuriaren torneoa, udako bigarrena. Maitatua da pilotarien zein pilotazaleen artean, eta hori partida bereziei esker da. Enpresek urtero egiten dute ahalegina zerbait ikusgarria antolatzeko, eta aurten ez da inor kexatuko, behintzat. Izan ere, binakakoaz gain, buruz buruko finalaren errebantxa, Aimar Olaizolaren eta Juan Martinez de Irujoren artekoa hartuko du Ogeta pilotalekuak. Finalean 22-7 nagusitu zen goizuetarra, eta askok eta askok pilota gosez joan behar izan zuten etxera. Bada, Gasteizen izango da lehia desiratu hori berriz ikusteko aukera. Azken aldiz 2009. urtean jokatu zen banakako errebantxa bat Andre Mari Zuriaren torneoari dagokionez, orduan ere bi protagonista horiek tartean zirela, eta aurten ere ez da ikuskizunik faltako. Torneoaren lehen egunean, abuztuaren lauan jokatuko da. Hasteko, beraz, izango da zer ikusia eta zer gozatua.

Atzo izan zen torneoaren aurkezpen ekitaldia, Gasteizen. Pilotari guztiak han izan ziren, Olaizola II.a izan ezik. Oporretan da Asegarcekoa, baina ziurtatu zuen prest izango dela Irujori aurre egiteko, eta ilusioz dagoela. Ez da erraza sasoi honetan kantxa osoan ongi moldatzea, baina bi pilotari handienak izango dira galtza zuriak jantzita. Irujo pattal dabil azkenaldian. San Ferminetan min hartu zuen orkatilan, eta herenegun itzuli zen. Oker, ordea. 22-9 galdu zuen Barriolarekin Xala eta Merino II.aren kontra. Horregatik, gogotsu izango da Gasteizko feriarako.

Eta aukera bat ez, bi izango ditu arantza ateratzeko. Buruz burukoaz gain, binakako torneoa ere jokatuko baitu. Abuztuaren 5ean hasi eta 8an amaituko da binakakoa, eta bi finalerdi jokatuko dira. Hilaren 5ean Titin III.a eta Zubieta Bengoetxea VI.aren eta Beginoren aurka ariko dira, eta 6an Irujo eta Olaizola II.a izango dira berriz aurrez aurre: lehena Barriolarekin eta bigarrena Beroizekin.

Asegarceren apustua, iazkoa

Aspek bi bikote indartsu aukeratu ditu torneoa jokatzeko. Xala kanpoan utzi du; ziurrenik, Titin III.ak Gasteizen duen garaipen zerrenda oparoa ikusita. Zubieta sasoi bikainean da, eta bikote sendoa osatuko dute Triciokoak eta Etxarrikoak. Irujok eta Barriolak ere zer esanik ez. Binakako txapelketa ofizialean ustekabean geratu ziren kanpoan. Orain dute gauzak hobetzeko aukera. Asegarcek, berriz, iazko apustu bera egin du. Iaz Bengoetxea VI.a eta Begino nagusitu ziren, finalean 22-18 irabazita Olaizola II.ari eta Beroizi. Partida gogoangarria izan zen, eta aurten joko bera egiten saiatuko dira bi bikoteak. Binakako finala abuztuaren 8an izango da.

Egun bat lehenago ardoaren desafioa jokatuko dute torneoan parte hartuko ez duten pilotariek. Hiru neurketa interesgarri ikusi ahal izango dira, baina, bereziki, binakakoak piztuko du arreta. Bi atzelari gazte, Albisu eta Merino II.a, Berasaluze VIII.arekin eta Xalarekin ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.