Lizarrako San Miguel taldeak eta Zaramaga Gasteizkoak irabazi zituzten IX. BERRIA Txapelketako lehen kanporaketak, aurreko asteburuan. Bietan nagusi mailako partidak argitu zuen zeinek egingo zuen aurrera. Lizarrako kanporaketan ezustekoa izan zen; ez, ordea, Hernanikoan. Bi taldeek oso aurkari gogorrak izango dituzte, txapeldun izandakoak, final-zortzirenetan: San Miguelek, Bidania-Goiatzeko Aurrera Saiaz, eta Zaramagak, Uharte.
San Miguel 2. Txaruta 1
KADETEAK
Lander-Mateo 8
Albiasu-Oskoz 22
GAZTEAK
Goñi-Garaio 22
Untxalo-Inda 5
NAGUSIAK
Aznarez-Unanua 22
Arraztoa-Otxandorena 17
Nafarren arteko kanporaketa batekin hasi zen txapelketa, eta San Miguel Lizarrako taldeak etxean kanporatu zuen Txaruta Baztango taldea. Lehia azken partidan erabaki zen, eta Aznarez eta Unanua gazteek —biak lehen urtekoak dira— 22-17 irabazi zieten Arraztoa eta Otxandorenari. Partida azken txanpan erabaki zen, 15nako berdinketaren ondoren.
Lehen bi partidei dagokienez, talde bakoitzak bana irabazi zuen. Kadete mailakoa, Txarutak (8-22), eta Albiasu aurrelaria nabarmendu zen. Gazte mailakoan, berriz, San Miguelek alde handiz irabazi zuen (22-5). Garaio atzelariak lan bikaina egin zuen, eta Goñi aurrelariak ondo baliatu zuen eta 11 tanto egin zituen.
Pilotajauku 1. Zaramaga 2
KADETEAK
Galarza-Gabirondo 12
Diaz de Heredia-Kandela 22
GAZTEAK
Ansa-Otamendi 22
Larrañaga-Ibarrondo 9
NAGUSIAK
Senar-Irañeta 13
Mikel Rafael-Perez 22
Arabako taldeek itxura ona eman zuten iazko txapelketan, eta aurten ere bide onetik hasi dira. Zaramaga Gasteizko taldea izan da lehian sartzen aurrenekoa, eta Pilotajauku Altsasuko taldea kanporatu zuen igandean, Hernaniko pilotalekuan. Bezperan gertatu bezala, nagusien partidan erabaki zen kanporaketa, baina kasu honetan pronostikoak bete egin ziren.
Zaramagak kadeteen partida irabaziz ekin zion kanporaketari. Diaz de Heredi a eta Kandela gehiago izan ziren Galarza eta Gabirondo baino (12-22). Irabazleek hasieran hautsi zuten partida (8-2), eta ondo eutsi zioten aldeari. Diaz de Heredia aurrelaria nabarmendu zen. Gazteen partidan, berriz, Ansak eta Otamendik Nafarroako txapeldun zergatik diren erakutsi zuten (22-9). Partidak hasiera orekatua izan zuen (10-9), baina irabazleek jarraian egin zituzten azken hamabi tantoak, eta ordu erdi nahikoa izan zuten irabazteko. Ansak zortzi tanto egin zituen saketik.
Nagusien partida izan zen asteburuko onena. Mikelek eta Perezek 64 minutu behar izan zituzten Senar eta Irañetari irabazteko (22-13). Perezek agindu zuen atzean, eta bera nabarmendu zen. 12-6ko tantoan errebotea lortu zuen, eta azken tantoa ere atzean egin zuen, pilota hamargarren koadroan jarriz.
Asteburu honetan, lehen faseko beste bi kanporaketa jokatuko dira. Larunbatean, Hernanin (17:00), Errioxako Titin III.a taldeak Amurrioren aurka jokatuko du. Igandean (11:00), txapelketa Bizkai aldera joango da, Iurretako Olaburuk Alegiako Intxurre hartuko baitu. Lehen faseak lau asteburu iraungo du.
Hasteko, ezustekoa
San Miguelek eta Zaramagak egin dute aurrera IX. BERRIA Txapelketako lehen kanporaketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu