MUNDUKO XI. ATLETISMO TXAPELKETA

Hasteko, hiru final

Gaur hasiko da Munduko txapelketa, eta lehen hiru finalak jokatuko dira: 20 kilometro ibilketan, pisuan eta 10.000 metroetan

Julen Etxeberria.
2003ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Munduko Atletismo Txapelketa, Parisen. Bederatzi egun izango dira, lehia gogorrez betetako bederatzi egun luze. Parisek gutxi itxaron beharko du lehen munduko txapeldunak ikusteko, txapelketako aurreneko egunean hiru final jokatuko baitira: gizonezkoen ibilketako 20 kilometroak eta pisu jaurtiketa, eta emakumezkoen 10.000 metroak.

Saint Dennis estadioak goizeko 08:30ean agurtuko ditu munduko txapelketako lehen atletak: ibilketako 20 kilometroetako 38 parte-hartzaileak eta pisu jaurtiketako 31k. Ibilketako 20 kilometroetan izen bat dabil aditu guztien ahotan, Espainiako komunikabideetan batez ere: Francisco Javier Fernandez. Espainiarrak Europako Txapelketa irabazi zuen iaz, eta munduko marka ondu (1.17.22). Bera da urrea zintzilikatzeko faborito nagusia, Robert Korzeniowski poloniarrak, oraingoan, ez baitu parte hartuko (2000. urteko Sydneyko Olinpiar Jokoetan ibilketako bi probak irabazi zituen, baina Parisen 50 kilometroetan soilik parte hartuko du).

Fernandezek, hala ere, ederki sufrituko du urrea jantzi nahi badu, haren mailako aurkari ugari izango baititu aurrean: Jefferson Perez ekuadortarra (urrea Atlantako Olinpiar Jokoetan, Sevillako Munduko Txapelketan eta jokatu berri direnPanamerikar Jokoetan), Bernardo Segura mexikarra (brontzea Atlantan), Errusiako laukote indartsua (Roman Rasskazov Edmontongo txapelduna, Ilya Markov Sevillako txapelduna, Viktor Burayev eta Vladimir Andreyev) eta Txinako bikote azkarra (Hongjun Zhuk eta Chaohong Yuk urteko lehen bi marka onenak egin dituzte). Goizeko 10:00ak inguruan jakingo da Parisen banatuko diren 46 urrezko dominetako lehena nork jantziko duen.

Pisu jaurtiketan, berriz, estatubatuarren arteko lehia espero da. Hiru hautagai daude: John Godina, Adam Nelson eta Kevin Toth. Godinak badaki munduko txapelketa batean irabaztea zer den, hiru bider, gainera: Edmonton (2001), Atenas (1997) eta Goteborg (1995). Nelsonek, berriz, zilarrarekin konformatu behar izan du txapelketa askotan, Edmontonen eta Sydneyn,besteak beste. Tothek, aldiz, ez du postu aipagarririk lortu, baina sasoi bikaina du aurten (urteko marka onena lortu du, 22.67). Halaber, badira podiumerako hautagai diren beste hainbat atleta, Manuel Martinez espainiarra, adibidez. Martinezek pista estaliko Munduko Txapelketa irabazi zuen, iragana martxoan.

Radcliffe gabe, atleta etiopiarrak nagusi

Emakumezkoen 10.000 metroak izango dira Parisko Munduko Txapelketako estreinako jardunaldiko azken proba. Duela aste gutxi arte, bazirudien Europako atleta batek, Paula Radcliffe britainiarrak, afrikarren eta, bereziki, etiopiarren nagusitasuna behingoz amaituko zuela. Usteak erdi ustel: Radcliffe ez da izango Parisen eta ezin izango du bere helburua bete: txapelketa handi batean (Olinpiar Jokoak edo Munduko Txapelketak) urrezko domina bat irabaztea.

Britainiarraren hutsunearen ondorioz, betiko historia errepikatuko da ziurrenik: etiopiarrak izango dira jaun eta jabe , eta, Edmontonen gertatu bezala, podiumeko koska guztiak beteko dituzte. Derartu Tulu da faboritoa. Tuluk urrea irabazi zuen Edmontonen, eta Parisen nagusituz gero, lehen atleta izango litzateke 10.000 metroak bi bider jarraian irabazten. Tuluk, hala ere, ez du lan erraza izango, etxean bertan izango baititu urrea ken diezaioketen aurkariak: Werknesh Kidane (urteko marka onena egin du: 30.41.40), Berhane Adere (zilarra Edmontonen) eta Ejagayehu (urteko bigarren marka onena). Europarrek Errusiako ordezkariengan jarri dituzten itxaropenak: Galina Bogomolova, Alla Zhilyayeva eta Lydia Grigoriyeva. Fernanda Ribeiro beteranoa ere ezin da ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.