Futbolean errazegi esan ohi dute jokalariek hurrengo igandeko partida finala dela. Partida garrantzitsu orotan esan ohi dute, lehiaketa bukaerarako artean jardunaldi asko geratu arren. Gaur iluntzeko norgehiagoka, ordea, benetako finala da Osasunarentzat. Partida galduz gero, gaur bertan jaits daiteke mailaz Iruñeko kluba, eta, jokoan zer dagoen ikusita, Murtziaren aurkako lehia finala dela esatea ez da gehiegikeria. Final hau irabazteak ez du saririk ziurtatzen, dena dela. Gaur irabazita ere datorren igandean Santanderren gauza bera egitera behartuta egon daiteke Osasuna. Hargatik, beste astebetez jaitsiera saihestea ez da sari makala. Eta Osasunak sasoi honetan izandako zorte txar ikaragarria ikusi ostean, zortea behingoz lagun izatea ere ezin da baztertu: Osasunak Murtziari irabazteaz gain Recreativok Almerian berdindu eta Valladolidek etxean Getaferen aurka galduz gero, Osasunak salbazioa gaur bertan ziurtatuko du matematikoki.
Azken jardunaldian Recreativok eta Valladolidek elkarren aurka jokatuko dutela baliatu ahal izatea izango litzateke salbaziorako biderik motzena, baina Murtziari irabazteak gauza garrantzitsu bat ziurtatzen du: azken jardunaldira bizirik iristea. Zaragozak partida zaila dauka gaur, Real Madril txapeldunaren aurka. Valentzia ere ez dago oraindik arriskutik kanpo, eta Valladolidek gaur salbatzea lortuz gero, Getafe bera ere bi puntura izango dute nafarrek azken jardunaldian -Osasunak Murtziari irabaziz gero, noski-. Beraz, partida erabakigarria da Murtziaren aurkakoa. Etxean jokatutako azken lau partidak galdu egin dituzte gorritxoek, Betis, Recreativo, Deportivo eta Real Madrilen aurka, baina azken-aurreko sailkatuaren aurka kale egiterik ez dute.
Beste partidetan gertatzen denari arreta gehiegi jartzerik ere ez dago, gainera. Osasunak bere partida irabaztea baita lehentasuna. Zigandak ere argi utzi zuen hori atzo: «Irabazteak soilik balio digu, eta azken partidetan bezalaxe gaude beharrari dagokionez. Hargatik, gero eta denbora gutxiago geratzen da amaierarako, eta kale egiterik ez dugu orain. Ezin gara beste emaitzen zain geratu gure partida irabazi aurretik. Murtziari irabazi behar diogu lehendabizi, eta gero begiratuko diegu beste emaitzei. Gure partida amaitu aurretik beste emaitzetan pentsatzea ez zaigu komeni. Tentsioa ikaragarria izango da, baina futbolean horrekin bizitzen jakin behar izaten da, eta partida hau nola edo hala irabazi beharra dugu», adierazi zuen atzo Larraintzarko entrenatzaileak.
Osasunaren aurkariak, Jabier Clementek zuzendutako taldeak, ez du ezertxo ere jokoan. Orain dela bi aste Racingen aurka 4-2 galdu ostean matematikoki Bigarren Mailako talde bilakatu zen Murtzia. Hargatik, Osasunarekin jaitsiera postuak saihesteko lehian dabiltzan taldeek Murtziari Iruñean irabazteagatik diru saria eskainiko ziotela argi dago. Clementek berak ere ez zuen ezkutatu: «Ez dakit diru saria izango dugun ala ez, baina futbolean diru sariak existitzen direla argi daukat. Legez kontrakoak dira, eta horregatik inork ez ditu onartuko publikoki. Baina baliteke norbaitek zerbait eskaintzea, eta existitzen direla denok dakigunez, legeztatu egin beharko lirateke. Hori bai, diru saria dagoenean jokalariek halakorik ez dagoenean baino korrika gehiago egitea ez litzaidake gustatuko. Ñabardura hori garrantzitsua da», esan zuen Barakaldoko entrenatzaileak pasa den asteazkenean, Athleticen aurkako partida amaitu ostean. Zaragozak eta Recreativok ez dute Osasuna gaur bertan Bigarren Mailara bidaltzeko aukera alferrik galdu nahi, eta gutxienez bi talde hauek Murtziari sariren bat eskaini izana sinesgarria izateaz gain, logikoa ere bada.
HAMAIKAKOA, ARGITU GABE. Bestalde, Kuko Zigandak ez du hasierako hamaikakoa erabat argitu, baina zigortuta dagoen Javi Garciaren ordez Patxi Puñal ariko da zelai erdian, eta taldeko beste kapitaina ere, Cesar Krutxaga, hasierako hamaikakora itzuliko da, Miguel Flañoren kaltean. Aurrealdean zalantza gehiago ditu, halere. Portillo zigortuta dago, eta baliteke Dadyk jarraitzea puntan, baina Solak, Velak eta Pandianik ere badute aukerarik. Berritasun nagusia, ordea, erdilari aurreratu gisa ariko den jokalaria izan daiteke. Hugo Viana portugaldarrak Osasunarekin Ligan hasieratik aritzeko lehendabiziko aukera izan baitezake.
Hau bai dela finala
Osasunak derrigorrean irabazi behar dio Murtziari etxean, jaisteko arriskua saihesteko gaur bertan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu