Michael Phelps (AEB, 1985) ez dago geldirik egoteko. Larunbatean hartu zuen olinpiar erretiroa, 27 urterekin, eta orain haurrei euren beldurrei aurre egiten erakutsi nahi die. Eta dibertitu, bizitzaz gozatu. 22 domina eskuratuta, inoizko olinpiar kirolaririk onenak baditu "helburu eta zereginak".
Gaur, Londresen, H&S xanpuaren promozio ekitaldian, bere etorkizunaz hitz egin du Baltimoreko marrazoak. Haurrei euren buruarengan konfiantza izaten erakutsi nahi die, "irudimena erabil dezaten, eta euren ametsak lor ditzaten". "Dena da posible bizitza honetan; arazoak sortuko dira, baina garrantzitsuena gauzak lor daitezkeela sinistea da". Goi mailako kirolari izateko konfiantza zeinen garrantzitsua den azpimarratu du, eta horixe duela bizitzan ikasi duen eta gehien erabiltzen duen lezioa.
Igeriketa utzita ez da galduta sentituko Phelps. "Zoriontsu naiz; joaten naizen tokira joaten naizela gozatu egiten dut".
18 aldiz izan da txapeldun olinpiko, eta bina zilar eta brontze ere baditu. "Atenasen lortu nuen lehen domina da dudan oroitzapenik onena, baina denak izan dira garrantzitsuak".