Azalpengintza. Lan gogorra da entrenatzaileena. Batez ere, partida bat galtzen dutenean eta prentsa azalpen gose agertzen denean. Zer esanik ez irabazita zegoen partida bat galtzen denean. Pablo Laso ohi baino haserrexeago mintzatu zen, taldeak hirugarrenez egin duelako huts bera tarte txikian. Esaldi eginetara jo behar izan zuen, taldeak huts horiek zergatik egiten dituen ez dakiela aitortu aurretik. Ezkortasuna Illunbe irensten ari da, eta Lasok ez du poztasun handirik transmititzen. Fotis Katsikarisek ere, irabazita zeukaten partida galduta, ez zeukan aurpegi onik Kanaria Handian, garaipenak lasaitasun handia ekarriko ziola jakitun baitzen, eta hain gertu ikusi eta gero galtzea ere... Egurra emateko aukera zeukan entrenatzaile greziarrak, baina mingaina ez astintzea erabaki zuen. Hausnartzea, azken finean. Dusko Ivanovic betiko aurpegiarekin azaldu zen Buesa Arenako prentsa aretora, irabazi edo galdu haren aurpegiera berbera delako.
Zalantzak. Lagun Aro inguratzen dutenak. Zalantza asko eta handiak. Lau partida galdu ditu jarraian Pablo Lasoren taldeak, eta horietako hiru irabazita zeuzkan. Valentzia eta Alacant dira hurrengo aurkariak, etxetik urrun, eta, gauzak dauden moduan egonda, bi lehia horiek galtzeko arrisku handi samarra dauka Donostiako taldeak. Buruz jota baitaude jokalariak, ia partida osoan egindako lan ona biribildu ezinik, eta horrek min egiten baitu. Atsekabea eragiten du, eta atsekabeak, zalantza, eta zalantzak, egoera txarraren onarpena. Taldearen inguruko giroak ez du gauza onik erakusten, baina nor da erruduna? Zale asko Lasoren aurka dago, baina jokalariek jokatzen dute, ez Lasok. Bestalde, gauza jakina da Lasok Donostian jarraituko duela hurrengo sasoian, ziur, eta horrek are gehiago ernegatzen ditu haren kontra daudenak. Taldea ACB ligan mantendu duela egia da, baina liga bukaerak ikaragarri zigortu dezake Lasok daukan prestigioa. Gero eta hedatuago baitago honako mezu hau: Lagun Arok bi talde txar daudelako jarraituko du ACB ligan, bere merituengatik baino gehiago. 18 taldeetatik 15. edo 16. geratzea errealitate gordina da, ez mezu soil bat. Onargarria?
Zazpi urte. Bilbo Basketek Kanaria Handian irabazi gabe. Inoiz ez dute garaipena hain eskura izango, 38 minutuan kontrolpean eduki zutelako aurkaria. Ezin bukatu, edo ezin bukatzen asmatu, besteak beste Aaron Jacksonek jokaldiak berak egin edo bukatzea erabakitzen duelako, beste aukera guztiak baztertuz: «Orain arteko une kritikoetan erabaki zuzenak hartu ditu, eta asmatu. Orain ezin dugu mutila zigortu huts egin duelako». Katsikarisek ez du arrazoirik falta, baina Jacksonek arazo bat dauka: edo onegia dela pentsatzen du, edo ez du konfiantzarik taldekideekin. Biak dira txarrak, biek eramango dutelako porrotera Bilboko taldea. Bestelako eztabaida bat da Jacksonek ez daukala fidatzeko moduko ordezkorik, eta egiten duena eginda ere aginte makila berea izango dela partidak erabakitzen direnean. Granada da hurrengo aurkaria, Bilbon, eta horrek nabarmen apaldu du berez gaizto samarra zen biharamuna.
Gauetik egunera. Urrun geratzen da ostirala, baina harritzeko modukoa da Baskoniak azala aldatzeko daukan gaitasuna. Batean, eta etxetik urrun, ezin traketsago aritzen da, eta hurrengoan, etxean, dotore. Espero izatekoa zen Cajasolen aurkako dema indar erakustaldi bat izango zela, zabarkeria edo nagikeria keinu txikiena gogor zigortzeko gertu baitzegoen Baskoniako zalea. Liga bigarren mailan geratuko da hurrengo bi asteetan Gasteizen. Maccabiren aurkako kanporaketak bereganatuko du arreta osoa. Ligako hirugarren postua lortzeko denbora dago oraindik. Lauko Finalean sartzeko lasterketa gaur hasiko da. Menorca eta Estudiantes Baskoniaren hurrengo aurkarien apaltasuna lagungarri da dikotomia horretan.
Zonakako defentsa
Hausnartzeko garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu