Moto, auto eta kamioi gidariak Lisboan (Portugal) hasiko dira hautsak harrotzen, eta Espainia, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania eta Senegalen barrena ibilita, hilaren 20an iritsiko dira Dakarrera. Ondo bidean. Ondo bidean, Lisboatik aterako diren pilotu asko eta asko basamortuko hondar artean ez aurrera, ez atzera geratuko direlako, ziurrenik. Gogorra da oso Dakar Rallya, eta, horregatik, pilotu bakoitzak lortzen duen postua garrantzirik gabeko xehetasun bihurtzen da. Senegalgo hondartzetara iristea bera garaipena izaten da pilotu gehienentzat. Aurten, gainera, are gogorragoa izango da proba, bi etapatan ez baita laguntza eskaintzeko autorik izango.
Pilotu guztien artean, ordea, badago 1 zenbakiarekin itsututa dagoen pilotu bat: Stephane Peterhansel bera. 1987an parte hartu zuen lehenengoz Dakar Rallyan, moto gainean, eta ordutik 19 aldiz parte hartu du. 20. aldiz ekingo dio, beraz, bihar basamortuko probarik gogorrenari, eta erdiak irabazita esan nahi du agur. «Hamargarren aldiz irabazi nahi dut Dakarra, eta, ondoren, erretiroa hartu». 20 aldiz parte hartu, eta 10 aldiz irabazi. Marka historikoetan historikoena egin nahi du aurten Peterhanselek. Repsol Mitsubishi autoaren barruan, talentuz baina tentuz. Beti bezala. Iaz, esaterako, etapa bakar bat irabazi gabe irabazi zuen Dakar Rallya. Egun bateko astindua ahaztuta, ametsa gauzatzeko biderik azkarrena erregulartasuna den seinale.
Ez da erraza, ordea, erregulartasun hori lortzea. Dunak batean, harri koskorrak bestean, bidezidor gaiztoak aurrerago... Ohiko istripu arinez gain, 1979tik, lehen pilotua hil zenetik -Patrick Dodin bidean galdu eta erorita, Agadesen hil zen, Nigerren-, azken urteetako ezbeharrek asko belztu dute Dakar Rallya. Pilotuen, antolatzaileen eta ikusleen artean 50 lagun hil dira urteotan. Azkena, iaz. Elmer Symonds moto gidari hegoafrikarrak istripua izan zuen laugarren etapan, eta bertan hil zen. Hala ere, orain arteko rallyrik ilunena 1986koa izan da, urte hartan bi pilotu hiltzeaz gain, beste bost lagun ere hil baitziren helikoptero istripuan; tartean zen Thierry Sabine rallyaren antolatzailea.
Motoak, autoak eta kamioiak kontuan hartuta, 588 parte-hartzaile daude izena emanda. Parte-hartzaile asko, baina faborito gutxi. Motoetan KTM etxekoak, eta autoetan Mitsubishikoak. Azken zazpi urteetako rallyak eurek irabazi dituzte jarraian, eta aurten ere etxe horietako pilotuak dira faboritoak. Motoetan Cyril Despres frantziarra eta Marc Coma kataluniarra, eta autoetan Stephane Peterhansel eta Luc Alphand frantziarrak, Nani Roma kataluniarra eta Hiroshi Masuoka japoniarra. Hala ere, aurtengo proba irabazteko faboritoen artean daude, dudarik gabe, Volkswagen etxeko bi gidari ere: Carlos Sainz espainiarra eta Giniel De Villiers hegoafrikarra.
Lisboatik Dakarrera, 16 egunetan 15 etapa -hilaren 13an atseden eguna izango dute, Nuakchotten, Mauritaniako hiriburuan-, ia 6.000 kilometro erlojupean, eta Dakarko hondartzak buruan. Hautsak harrotzeko garaia iritsi da.
Mauritaniako gatazkak zalantzan jarri du rallyaren hasiera
Lisboa-Dakar Rallyaren aurka herritarrek egin ohi dituzten aldarrikapen eta ekintzez gain, aurtengo lasterketak beste gatazka bati ere aurre egin beharko dio: Mauritaniako egoera gaiztoari. Abenduaren 24an lau frantziar hil zituzten tiroz Mauritanian, eta ordutik ezinegona sortu da probaren inguruan. Abenduaren 24ko eraso horren ondoren, Frantziako Gobernuak abisu bat helarazi die Frantziako pilotuei: «Segurtasun arazoak direla tarteko, ez ezazue parte hartu Mauritania zeharkatuko duten etapetan». Frantziako Gobernuak orain arte Frantziako herritarrei egin die Mauritaniara ez joateko eskaera, baina Lisboa-Dakar Rallyan parte hartuko duten pilotuei ere eskaera hori bera egin zien atzo.Frantziako Gobernuaren eskaeraren berri izan eta berehala, Lisboa-Dakar Rallyko antolatzaileek aholkua aztertuko dutela jakinarazi zuten atzo. «Abisu hori zerk eraginda aldatu den jakiteko, eta hartu beharreko erabakiak hartzeko». Frantziako eta Mauritaniako agintariekin hitz egin nahi dute antolatzaileek, rallyarekin zer egin erabakitzeko.
Egoerak ez dauka konponbide errazik, Dakar Rallyaren 15 etapetatik zortzi igaroko baitira Mauritaniatik. Azken urteetan, gainera, Frantziako pilotuen emaitzak oso onak izan dira, eta horrek are gehiago zailduko du antolatzaileen erabakia.
Mauritania eta Frantziako agintarien bermea jaso ostean, Lisboa-Dakar Rallyaren antolatzaileek abenduaren 28an jada jakinarazi zuten «erabateko segurtasuna» izango zuela lasterketak. Hori bai, Etienne Lavigne rallyaren zuzendariak jakinarazi zuen «etengabe» zainduko zutela segurtasuna, eta ez zutela inongo arriskurik hartuko. «Mehatxuren bat egongo balitz, lasterketa geratu egingo genuke, bat-batean ezingo baikenuke Mauritania albo batera utzi eta beste ibilbide bat prestatu». Frantziako Gobernuaren eskaera aztertzeko denboraz larri antzean dabiltza antolatzaileak, baina datozen orduetan erabaki beharko dute zer egin. Orain arte sarritan gertatu den moduan, aurrera edo atzera egin, eraso terroristen beldur, tentsio handiko erabakia izango da.