Astebete atzera, garaipen zakua handitzeko aukera ezin hobea litzateke etxean Alacant jasotzea: zuloan sartutako taldea, bertatik ihes egiteko ezina... Baina Oscar Quintanaren taldea esnatu egin da azken jardunaldian Real Madrili irabazi ostean, eta dagoeneko ez da astebete atzera zen aurkari ahula. Bilbo Basket da faboritoa, ondo ari delako etxean, baina kontuz Alacantekin. Heurtel, Erdogan, Stojic, Pape Sow, Andriuskevicius... Ez dute talde txarra, eta tentuz jardun beharko dute bizkaitarrek.
Aurkariarengatik, eta iraganeko akatsak ez errepikatze aldera. Fotis Katsikaris entrenatzaileak esan du atarikoan, Aaron Jacksonekin denbora asko egin duela aste honetan, «hitz egiten. Terrell McIntyre gainditu zuen Unicajaren aurkako partidan, bai, baina horrek ez du esan nahi Heurtelen aurka joko berdina egin behar duenik, Heurtel ezaugarri desberdinak dituen jokalaria delako».
Greziarrak baditu beste bi lehentasun: «Jaurtitzaileek bolada txarra atzean uztea lehenbailehen, eta Hernandez-Sonseca zenbaki bikoitzak lortzen hastea. Orkatilan mina dauka, eta horrek ez dio uzten bere onena ematen. Pixkanaka goranzko bidean hastea espero dugu». Partida berezia izango da Alex Mumbrurentzat, 400. partida jokatuko baitu ACB ligan. 31 urterekin, asko geratzen zaizkio jokatzeko.
Hazita daudela ariko dira Bilbo Basket eta Alacant
Bizkaitarrek zortzi onenen artean finkatu nahi dute, eta zulotik ihes egin kataluniarrek (12:30)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu