Zonakako defentsa

Hego haizea, ero haizea

Andoni Urbistondo.
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gertakari paranormalak. Esateko modu bat da, azalpena eduki badutelako. Gertatu direnak oso arraroak izan dira, eta kasualitatea, hego haizeak Euskal Herriko bazterrak gogor astindu dituenean gertatu da. Burua nahasten duen haizea, deserosotasuna sortzen duena, pertsona asko kirol aktibitateren bat egiteko gogogabetzen duena. Madrilgo eta Donostiako hego haizea ezberdinak dira, Bilbokoa eta Bartzelonakoa bezala, baina Lagun Aro eta Bilbo Basketeko jokalariak Euskal Herriko hego haizea arnasten dute. Baskoniakoek Gasteizkoa bezalaxe. Hamabost minutuan hogeita bat punturen aldea galtzea. Nork eman dezake azalpen logikoren bat? Edo 19-2 irabazten hasi eta ordubete geroago partida galtzea? Nork azal dezake ostiral iluntzean Euroligako partida bat bukatu, eta berrogei ordu geroago 600 kilometrora ligako beste partida bat jokatzea, noren aurka eta ligako talde onenaren aurka? Hego (ero) haizearen aitzakian babestea onena...

Zabuka. 68 segundoko prentsaurrekoa eman zuen Baskoniako Dusko Ivanovic entrenatzaileak Valentziaren aurkako porrota azaltzeko. Bistan da, haserre zegoen, eta ez zuen azalpen askorik emateko gogorik. Esan zuen apurretik honatx nabarmentzeko moduko bakarra: «Ondo hasi gara erasoan eta defentsan, baina, aldaketak egin ditugunean, estutzen hasi da Valentzia, eta ez dugu asmatu haien grina berberarekin jokatzen». Aulkitik kantxaratu zirenentzako mezu garbia dirudi, baina deigarria da oso Seraphin eta Nemanja Bjelicak jokatu zuten minutu kopurua. Zortzi minutu frantziarrak, eta sei baino ez serbiarrak. Posible al da hain tarte txikian gauzak hain gaizki egitea, entrenatzaile batek berriro ez kantxaratzea erabakitzeko? Batez ere Milko Bjelica eta Teletovic pibot postuan jokatzeko txikiak direla aintzat hartuta. Maciej Lampe lehenbailehen bueltatzea onena!

Oinez. Ezer berririk ez Palau Blaugranan. Baldintza fisikoak egokiak direnean ere zaila da Bartzelona menderatzea, baina fisikoki jota zaudenean, ezinezkoa da ia-ia. «Oinez jokatu dugu, eta Bartzelonaren aurka korrika jokatu behar da», esan zuen Katsikarisek, partida bi bideo ikusita prestatu ahal izan zutela aitortuz. Gaiztoa izanda, pentsatzekoa da taldeko kudeatzaileen erabakiz atzeratu zela Olympiakosen aurkakoa ostiralera, Baskoniak asteazkenean jokatu zuelako, eta Athleticek ostegunean, Europa Liga. Bietan bat aukeratu behar, eta, gaur-gaurkoz, askoz garrantzitsuagoa da Olympiakos garaitzea, Bartzelona menderatzea baino. Greziarren aurkako ahaleginak kataluniarren aurkakoa oparitzea bazekarren ere. 2-2 balantzea ez da txarra, baina esnatzen hasi beharra dago, hutsegiteak garesti ordaintzen baitira.

Zurrunbilo gaiztoa. Hiru aste atzera inor gutxik pentsatuko zuen lekuan dago Lagun Aro: zulo sakonean, eta kolpea kolpeari lotzen. Kirolak zerbait badu, oraina da. Iragana ahaztu egiten da, baina orainak nekez apaltzen du komunikabideen egurra, jokalarien zigorra. Eta oraina oso gogorra da donostiarrentzat. Datorrenari begiratuta ere, zaila dirudi 0 garaipeneko kutxatxoari 1 edo 2 zenbakia jartzea, Zaragoza bikain ari delako etxean, eta Valentziak Baskonia menderatu zuelako herenegun. 0-6 balantzea eduki dezake taldeak hamar egun barru, eta hori arriskutsua da. Zalantzak, buruko indarrik ez, taldean aldaketarik egiteko aukerarik ez... Aterkia ireki eta zaparradarekin nola edo hala babestu baino lan garrantzitsuagorik ez dute Illunben lanean aritzen direnek. Madrilgoa ezin delako errepikatu. Ezin dira hamar baloi eman hamar minutuan. Ezin dira hemezortzi hiruko egin eta bi bakarrik saskiratu. Ezin dira hirukoak puntuak sartzeko bide bakar gisa erabili. Ezin da Papamakarios joko antolatzaile jarri, Salgado kapitaina aulkian utzita. Ezin da baimendu Baronek nahierara joka dezan. Ezin da baimendu Doblas eta Panko ikusle soil izan daitezen. Ezin da...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.