Europako mutur bakoitzak ordezkari bat izango du biharMalmon (Suedia) jokatuko den Munduko Eskubaloi Txapelketa finalean. Frantzia egungo txapeldunak eta Danimarkak, txapelketako partida guztiak irabazi dituen talde bakarrak, neurtuko dituzte indarrak tituluaren lehian. Bi eskubaloi eskola desberdinen arteko talka izango da, eta bi selekzioek atzo lortu zuten finalerako txartela. Aurreneko finalerdian Frantziak Suediari irabazi zion (29-26), eta bigarrenean Danimarkak Espainiari (28-24).
Frantziak laugarren aldiz jokatuko du finala bihar eta laugarrenez titulua irabazten saiatuko da. Azken aurreko pausoa atzo eman zuen, aurkako zalez beteriko pabilioi batean. Giroak, baina, ez zuen kikildu, eta 2009ko txapelduna Suedia baino gehiago izan zen, eta partidako azken txanpan bakarrik zaildu zitzaion egoera.
Frantziarren aldetik jokalari beterano bat nabarmendu zen, Gille pibotea. 2001eko final jokatu zuen, eta hamar urte geroago berriz ere loria dastatu nahi du. Atzo zortzi gol sartu zituen, zortzi jaurtiketetan, eta bera izan erasoaren bideratzailea lehen zatian. Atsedenaldirako Frantziak hiru goleko errenta zuen (15-12).
Suediak gogotsu ekin zion bigarren zatiari, baina Frantziak jokoa jarri zuen, eta talde hobea dela erakutsi. Zatiaren erdi alderako zazpi goleko errenta zuen (24-17), eta finalak erabakita zirudien. Baina txapelketetan hainbestetan pasa bezala Frantziak behera egin zuen azken txanpan. Nekearen edo lasaitasunaren poderioz etxekoak bi golera hurreratu ziren hiru minutu falta zirenean(29-24). Baina Frantziak buru hotz izan zuen, eta ez zion partidari ihes egiten utzi.
Bigarren finalerdia polit eta biziagoa izan zen, eta Danimarkak partida ikusgarria irabazi zuen Espainiaren aurka (28-24), eta bigarrenez jokatuko du finala —1967koa galdu zuen—. 4000 zale daniarrek Kristianstadeko pabilioiko harmailak bete zituzten, eta euren berotasuna erabakigarria izan zen bukaeran. Atsedenaldira berdinduta iritsi ondoren (12-12), Danimarkak hiru goleko errenta lortu zuen amaierarako hamar minutu falta zirenean (23-20). Espainiak, baina, kuraia sobera duela erakutsi zuen, eta lehia orekatu zuen (23-23, 55. min.).
Azken txanpan, baina, Danimarkak hobeto eraso egin, eta gogorrago defendatu zuen, epaileen onespenarekin, eta hiru goleko errenta lortu zuen hiru erasotan. Hansen zen izan zen goleatzaile nagusia (9 gol), eta Landin atezaina jokalari onena. Azken honek partida ikusgarria jokatu zuen.
Hegoa ala iparra
Danimarkak Espainiari irabazi dio, eta Frantziak, Suediari; Munduko Txapelketako finala jokatuko dute bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu