ATHLETIC
Talde bera, baina lehiaketa bat gehiago jokatzeko
Athletic da iragan sasoian posturik hoberena lortu zuen euskal taldea, eta bere lehen sasoian erakutsitako maila ona berretsi nahiko du 2004-05eko denboraldian Ernesto Valverdek zurigorrien aulkian. Halere, erronka ez da batere erraza. Fitxaketarik gabe (bigarren taldeko Angulo, Casas, Azkorra eta Solabarrieta soilik dira berriak), hirugarren lehiaketa bati eutsi beharrean dira oraingoan bilbotarrak: UEFAri. Europan jokatzea gauza ederra da, okasiorako elastiko arraro bezain deigarria ere prestatu dute Athleticekoek, baina aste barruan Kopan zein UEFA txapelketan egindako ahaleginek ondorioak izan ditzakete asteburuko Liga jardunaldietan, eta zuri-gorrien filosofiak zein kontu korronteak eragiten dituzten mugek erne ibiltzera behartuko dute Athleticeko entrenatzailea.
Aitor Larrazabal beteranoa ez dago taldean jada, Julen Guerrero galduta dabil aspaldian, eta Asier Del Hornok, Yestek, Iraolak edo Jonanek berak taldean pisua izan dezaketela erakutsi behar dute. Eten nabarmenik gabe egiten ari da Athletic belaunaldi aldaketa, eta etorkizuneko apustua egiteaz gain, orainean pozik izan dezaketela erakutsi beharko dute lehoiek. Azken urteetan atean izandako zalantzak amaitu direla berretsi beharko du Aranzubiak, berriro Urzaiz onena ikus daitekeela erakutsi beharko du Tuterako aurrelariak, eta gazteek hazten doazela baieztatu beharko dute, baina Valverdek saski dotorea osatzeko moduko zumeak ditu.
OSASUNA
Milosevicen golekin, iragan sasoikoa hobetu nahi dute
Lehen Mailan izandako orain arteko denboraldi guztietan mailari eustea izan da Osasunaren helburu nagusia. Mailako aurrekonturik txikienetakoa izan ohi dute beti nafarrek, eta hogei onenen artean jarraitzea ez da sari txikia horrelako talde batentzat. Halere, iragandako sasoiaren lehen hiru laurdenetan egindako lan bikaina ikusita, beste zerbait lortzea amesten hasi dira dagoeneko Javier Aguirreren mutilak, eta osasunazale guztiak.
Aurreko sasoian bezain txukun hastea oso garrantzitsua izango da horretarako, eta atzealdeko sendotasuna ezinbestekoa da. Aurreko sasoian Valentzia txapeldunak soilik hartu zuen Osasunak baino gol gutxiago. Antonio Lopezen hutsunea betetzea izango da zailena atzealdean, baina Corrales eta Clavero horretarako fitxatu dituzte.Gainerakoan, nahi zuena esku artean dauka Aguirrek: bi jokalari postu bakoitzerako, eta golegile peto bat. Azken hori Savo Milosevic da. Belaunek bakean utziz gero, golak ziurtatuko ditu aurrelari serbiarrak, eta horri atzealdearen sendotasuna gehituz gero, UEFA ez da ezinezkoa. Aurkezpeneko egunean aurkari zuten Egiptoko Al Ahly taldeko entrenatzaile Manuel Jose portugaldarrak partida ostean esandakoa aintzat hartzea komeni zaio Aguirreri, dena den: «Ez zait gustatu Osasuna, asko hobetu beharko du», esan zuen Josek igandeko partida ostean emandako prentsaurrekoan.
REALA
Duela bi urteko mailara gerturatutzea da helburua
Realean izandako aldaketa guztietan esanguratsuena entrenatzailearena izan da. Denoueixek ezin izan zuen lehen denboraldi ikusgarri haren ostean iragan sasoiak eragindako etsipenen zama jasan, eta Jose Mari Amorrorturen txanda da orain.
Eskarmentu handirik ez du Amorrortuk aulkian, eta zenbait realzalek haren jatorria ahazteko meritu batzuk egin beharrean da, gainera. Halere, joan deneko sasoian Eibarren egindako lan bikainaren ostean, Amorrorturengandik onenaren zain izan behar dute txuri-urdinek. Jokalari bakoitzak zelaian zer egin behar duen argi dauka Amorrortuk; atzea ahaztu gabe erasora jokatzea gustatzen zaio, eta harrobia aintzat hartzeko gizonik aproposenetakoa da. Oraingoz, Riesgo, Gari Uranga, Oskitz, Garrido, Prieto, Labaka eta enparauak ondoan izango ditu hasieratik. Xabi Alonso ez egoteak azken orduko zalantzak eragin ahal ditu, baina Arteta, Alkiza, Aranburu, Mikel Alonso eta Larrea baditu Amorrortuk euskarri posturako. Aranzabalek eta De Pedrok ezker hegalean utzitako hutsunean jende gutxiagok erreparatu du, baina hori ere arazoa izan daiteke. Garridok eskarmentu gutxi du, eta norbait utzita ekarri nahi dute zuzendariek. Barkero bere azken aukeraren atarian izan daiteke, eta Gabilondori erantzukizuna hartzea egokituko zaio. Nihat, Rekarte, Kovacevic edo Karpin zer egiteko gauza diren badakigu. Riesgok abizenak adierazten duena baino segurtasun gehiago ematen badu atean, eta Interretik ekarritako Brechet atzealdean ongi egokituz gero, joan deneko sasoiko mailatik baino, orain delabi denboraldikotik gertuago egon behar dute.