Granadaren aurka hiru puntuak bildu ostean, Osasuna sailkapeneko postu gozoenetan da berriz, Europa Liga jokatzeko aukera ematen duten postuetan diren bi taldeek adina punturekin eta laugarren postutik —Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko aukera ematen duen postutik— puntu bakarrera. Jaisteko postuak hamar puntura ikusteak ere lasaitasuna ematen du, baina, hala eta guztiz ere, gorritxoek ez dute sasoi hasierako helburua aldatzeko asmorik. Larunbatean argi esan zuen Jose Luis Mendilibarrek, Espanyolek eta Levantek laugarren postuaz jabetzeko jokatu behar zuten lehiari baino gehiago begiratuko ziola berak Sportingek eta Racingek jaisteko postuetatik ihes egiteko asmoz jokatu behar zuten norgehiagokari. Eta, Granadari irabazita ere, berdin jarraitzen dute gorritxoek: mailari eustea da helburu bakarra.
Miguel Flañok ere ildo horri eutsi zion atzo Taxoaren egindako adierazpenetan. «Partida bat irabazi ostean derrigorrean Europako postuei begira jarri behar dugula dirudi, baina pausoz pauso joatea komeni da, eta mailari eustea da gure asmo bakarra». 34 puntu bildu ostean eta sasoia amaitu bitartean beste 42 puntu jokoan izanik, Flañok badaki azken txanpan mailari eusteko behar dituzten bederatzi edo hamar puntuak soilik batzea emaitza kaskarra izango litzatekeela, baina denboraldi honetan, Ligan dagoen oreka ikusita, beste ezertan pentsatzen hasten ez dira ausartzen nafarrak: «Amets egitea libre da, eta geratzen zaizkigun partida guztietan irabazteko grina erakusten ahaleginduko gara. Baina puntuak batzea ez da erraza, eta Granadaren aurkako partida horren adibide ona da. Irabazi egin genuen, baina lana gogotik egin behar izan genuen. Ahalik eta posturik onenean amaitu nahi dugu Liga, noski, baina ez dago ahazterik egundoko parekotasuna dagoela. Orain ez da Europaz hitz egiteko ordua, helburuz nahastea oso arriskutsua izan baitaiteke».
Athletic Txapeldunen Ligan aritzeko kiniela guztietan sartzen dute askok. Eta Levantek amaiera arte postu gozoenetan jarraitu ahal duela diote. Atletico Madrilez, berriz, denak bat datoz Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian egongo dela. Bada, Levantek baino puntu bat gutxiago du Osasunak, Athleticek adina puntu eta Atletico Madrilek baino bi puntu gehiago. Osasunaz, baina, inork ez du hitz egiten. Ezta gorritxoek eurek ere.
Lekic eta Ibrahimaren lesioak
Flañoren esanetan, Osasunak larunbatean Mallorcaren zelaian jokatu beharreko norgehiagoka argigarria izan daiteke. «Mailarik onena ematen ez baldin badugu, Mallorcak gure tokian jarriko gaitu. Aurkari deserosoa da, eta ez da erraza izango puntuak lortzea. Baina, era berean, aukera ederra izango da etxetik at ere gauzak ondo egin ditzakegula erakusteko».
Hargatik, jokalari garrantzitsuak faltako ditu Osasunak, lortutako puntuen zapore gozoaz gain zigortutako jokalarien eta min hartutakoenen zapore gazia ere utzi baitzuen Granadaren aurkako partidak. Patxi Puñal egotzi egin zuen epaileak, eta gorritxoen kapitainak partida bateko zigorra bete beharko du. Gainera, Ibrahima Baldek eta Dejan Lekicek min hartuta amaitu zuten norgehiagoka, eta hurrengo asteetan ez dute jokatzerik izango.
Bigarren zatiaren hastapenean, eskumuturrean kolpe bat hartu eta kubitua hautsi zuen aurrelari serbiarrak. Atzo egin zioten ebakuntza, eta hurrengo bi hilabete eta erdietan ez du jokatzerik izango. Osasunan denetik unerik onenean zen aurrelari serbiarra, baina ia-ia agur esan dio denboraldiari. Ibrahimak, berriz, zuntz haustura bat izan zuen partidaren hondarrean. Atzo goizean egin zioten erresonantzia magnetikoan, lesioa larriegia ez dela ikusi zuten medikuek, baina, hala eta guztiz ere, bizpahiru aste beharko ditu aurrelari senegaldarrak berriro Mendilibarren aginduetara egoteko. Nino eta Kike Sola dira egun taldeko aurrelari bakarrak. Sola osatzear dago.
Helburua aldatzeko presarik gabe
Osasunan ez dute hitz egin nahi datorren sasoian Europan lehiatzeko aukeraz mailari eutsi arteanMiguel Flañok ohartarazi du «pausoz pauso» joan behar dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu