Sasoi hasieran inork ez zuen espero liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan Osasuna Europan lehiatzeko borrokan buru-belarri sartuta egongo zenik. Eta hori baino zailagoa zen Vila-real mailari eusteko lehian ibiliko zela pentsatzea. Txapeldunen Liga jokatuz hasi zuen sasoia Herrialde Katalanetako taldeak, baina Juan Carlos Garridok eta Jose Francisco Molinak ez zuten lortu ligako ibilbide pattala zuzentzea.
Denboraldiko hirugarren entrenatzailea dute Miguel Angel Lotina, eta badirudi meñakarrak Vila-realek atzealdean zituen arazoak konpondu dituela. Halere, liga amaitzeko lau partida falta direnean, jaisteko postuetan dauden hiru taldeek gertuen duten taldea da Vila-real. Zaragozak eta Sportingek baino sei puntu gehiago ditu, eta azken orduko ezustekoak saihesteko irabazi egin nahi diote gaur Osasunari. Jose Luis Mendilibarrenek, dena dela, sasoiko hirugarren partida irabazi nahi dute etxetik kanpo, hiru puntuak lortzeak soilik ahalbidetuko baitie datorren denboraldian Europan lehiatzeko ametsari bizirik eustea.
Iragan astelehenean Malagaren aurka berdindu egin zuen Osasunak. Eta azken bi irteeretan porrot bana izan dutela aintzat hartuta, etxetik kanpoko bolada amaitzeko ordua iritsi zaie gorritxoei. Mendilibarrek, dena dela, badaki ez dela erronka erraza izango: «Atzean sartuta zelairatzen baldin bagara, galdu egingo dugu, seguru, Vila-realek kalitate handiko jokalariak baititu erasoan», esan zuen atzo nafarren entrenatzaileak, jokalariei abisu argia bidaliz.
Vila-real ia sasoi osoan talde ahula izan baldin bada ere, Lotina iritsiz geroztik taldea aldatu egin dela uste du Mendilibarrek: «Hobeto ala okerrago jokatzen duten ez dut esango, baina orain segurtasun gehiago erakusten dute, talde sendoagoa da Vila-real Lotinarekin». Baieztapen horren irakurketa sakonagoa ere egin zuen bizkaitarrak. «Lehen ohikoa zen hegaletako bi atzelariak erasoan ikustea, baina orain gutxiago igotzen dira, eta zelai erdiko jokalariek ere gehiago mantentzen dute tokia». Horren ondorioz, Vila-reali, orain, «aukera gutxiago» sortzen dizkiotela azaldu zuen Mendilibarrek. «Nahiz eta, era berean, egia den erasoan aukera gutxiago sortzen dituztela eurek ere. Nire ustez, oraindik ez daude ohituta orain jokatzen duten eran jokatzera, eta hori baliatzen saiatu beharko dugu guk».
Datorren asteazkenean Mestallan Valentziaren aurka jokatu behar dutenez, Osasunako jokalariak ez dira ostegunera arte itzuliko Iruñera. Horren ondorioz, Masud eta Etxaide izan ezik, beste jokalari guztiak sartu zituen deialdian atzo Mendilibarrek, bigarren taldeko Raoul Loerekin batera. Dena dela, bidaiatu arren, zenbait jokalarik ezingo dute jokatu Vila-real eta Valentziaren aurka, Sergiok, Solak eta Flañok, esaterako. Min hartuta daude hirurak.
Hasierako hamaikakoan aldaketa bat baino gehiago izango da, ziurrenik. Atzealdean Roversio eta Ruben dira Flañoren hutsunea betetzeko hautagaiak; zelai erdiko hegaletan Cejudok eta Lamah-k Ibrahimaren lehia izango dute —Senegalgo selekzioa Olinpiar Jokoetarako sailkatu ostean, aste honetan itzuli da afrikarra Taxoarera—; eta taldeko golegile nagusia, Raul Garcia, hasieratik ariko da, partida bateko zigorra bete ostean.
Izkorentzat hitz gozoak
Patxi Izkoren agurra dela-eta, Osasunako presidentearentzat hitz gozoak eta esker on hitzak soilik izan zituen Mendilibarrek atzo. Presidente berriarekin datorren denboraldian entrenatzaile lanetan jarraituko ote duen erabat ziurtatu ezin badaiteke ere, baikor mintzatu zen zaldibartarra. Kirol zuzendariarekin datorren sasoia prestatzen hasita dela ere onartu zuen, eta pista argigarria da hori.
Helburuak aldatuta daude
Mailari eusteko lehian sartuta dabil Vila-real, eta Osasunak, berriz, Europan jokatu nahi du datorren denboraldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu