Realeko presidente Iñaki Badiolak Moha jokalari fitxatu berriaren aurkezpenean gaur iragarri du datorren denboraldia amaitzean hauteskundeak antolatuko dituela taldean. Horrez gain, jokalariei proposatutako soldata jaitsiera beharrezkoa dela nabarmendu du.
2008-2009 denboraldia bukatu eta gutxira, heldu den urteko uztailean, bozak egingo dituzte Realean. Hori jakinarazi du Badiolak. Beste proiektu bat aurkeztuz gero akziodunek kontseilua aldatzeko aukera izango dute orduan.
Adierazpenok Mohammed el Jaagubi Moha erdilari marokoarraren aurkezpen ekitaldian egin ditu Badiolak. Moha ezkerretik jokatzen duen gizona datorren denboraldira begira Realak egiten duen hirugarren fitxaketa da. Bartzelonako Espanyol taldeari erosi diote. Lehenago Osasunan aritutakoa da.
Donostiako taldeak aurrelari bat ekartzeko asmotan dihardu. Izenik aipatu gabe Badiolak Levanten aritutako Alex Geijo jokalariari eskaintza egin diotela onartu du. Fitxaketa gehiago egiteko, aurretik jokalari batzuek kluba utzi beharko dutela zehaztu du Badiolak, "beti ere Juanma Lillo entrenatzailearen gustuko ez diren jokalarienak".
Erantsi duenez, jokalariei proposatutako soldata jaitsiera, %30ekoa, "beharrezkoa izateaz gain nahi eta nahiezkoa" izango da, akordiorik ezean epaileak hartuko baitu erabakia.
Reala
Heldu den denboraldia bukatzean hauteskundeak deituko ditu Badiolak
Moha jokalari fitxatu berriaren aurkezpenean eman du berria Realeko presidenteak. Jokalari guztientzako proposatutako soldata jaitsiera "nahi eta nahiezkoa" dela argudiatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu