'…baina ni ezin nauzu erosi'

Manchester United eta Liverpooleko zaleek protestaldi entzutetsuak egin dituzte taldeen jabe estatubatuarrek euren akzioak sal ditzaten.

Shanksek eraikia, yankiek eraitsia dioen pankarta, Anfield Roaden. M.H. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Iragan martxoan gertatu zen, Old Trafforden, Manchester Uniteden zelaian. Argazki historikoa: Unitedeko zaleek eta Liverpoolekoek euren ezinikusia alboratu eta bat egin zuten. Bi taldeetako jabeak AEBetako enpresariak ziren, Glazer familia Manchesterren kasuan eta Tom Hicks eta George Gillet Liverpoolenean. Biek taldeari kargaturiko banku mailegu bidez lortu zuten agintea, burtsan jokatzeko, eta telebista eskubide astronomikoetan pentsatuz; bide batez, zorretan ito zituzten klubak. Egun hartan zaleek taldetik kanpo nahi zituztela argi utzi zuten, besteak besteAEBetako banderak erretzen eta Yankees, go home zioten pankarta handiak erakutsiz (Yankiak, kanpora). Unitedeko zaleek aho batez zera abestu zuten: «Glazer, zauden tokian zaudela: Old Trafford erosi zenuen, baina ni ezin nauzu erosi».

Protestek euren ikur ezagunak dituzte. Liverpoolena Shancklyren izpiritua taldea da, eta Unitedena bufanda hori eta berdeak, horiek baitziren taldearen koloreak 1902ra arte —zaleek F.C. United beste talde bat sortu dute kolore horiekin, eta Ingalaterrako behe mailetan ari da—. Ia urtebete geroago, iazko urtarrilean, Unitedek 826 milioi euroko zorra onartu zuen, eta hala ere Glazer familiak jarraitzen du munduko talde garestienaren leman. Forbesen arabera Unitedek 1.320 milioi euro balio ditu, baina, hala ere, jabeek bonuak atera behar izan dituzte zerga finantzatzeko. Taldea sasoi ona egiten ari da, eta kirol erabakiak ez dira txarrak, baina horrek ere ez ditu zaleak baretu. Azken hilabeteetan enpresari txinatar eta arabiarrek taldea erosi nahian dabiltzala zabaldu da, baina Glazertarrek ukatu egin dute.

Liverpoolen kasuan, Shancklyren izpiritua deituriko zale taldeak zuzendu zituen protestaldi publikoak, baina azkenean epaibideak eman zion konponbidea aferari iragan urrian. Martin Broughton presidenteak hiru epaiketa behar izan zituen, bi Londresen eta bat Dallasen (AEB), taldea saltzea beharrezkoa zela erakusteko, eta bide batez kiebra eta ligak jarriko liokeen puntu isuna saihesteko. AEBetako beste enpresari batek, John W. Henryk, 330 milioi eurotan erosi zuen Forbesek 822 milioitan baloraturiko taldea baina zorretan lepo zegoena. Enpresari berria yankia da ere, baina giroa lasaitu egin da presidentearen eskutik. Hicksek eta Gilletek kalte ordainak eskatu zituzten, baina Londresko epaitegi nagusiak ez zien arrazoirik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.