Helsinki. Talde horretan jarri beharko ditu begiak Athleticek Europako Ligan, sailkatze faseko azken kanporaketan. Zuri-gorriei Finlandiako txapelduna egokitu zitzaien atzo Nyonen (Suitza) eginiko zozketan, eta aurrera egitea erraza behintzat ez dute izango. Kontuan izanda Slaven Koprivnica kostata kanporatu zutela herenegun, eta Helsinkik denboraldi erdia baino gehiago osatua duela, erne ibili beharko dute Marcelo Bielsarenek. Joaneko norgehiagoka hilaren 23an jokatuko dute, San Mamesen —Bilboko Aste Nagusia bete-betean harrapatzen du—, eta itzulikoa, astebete geroago, Helsinkin. Kanporaketako irabazlea Europako Ligan ariko da, beste 47 talderekin batera.
Finlandiako talderik onena da Helsinki. Txapeldunen Ligako kanporaketa aurrekoak jokatu ditu, eta hirugarrenean hartu du etxerako bidea, Celtic Glasgow taldearen kontra galduta —joanekoan, 2-1, eta itzulikoan, 2-0—. Beraz, badu esperientzia Europako lehiaketetan. Esaterako,1998-99ko denboraldian Txapeldunen Liga jokatu zuen. Kasualitatez, Athleticek lehiaketa berean parte hartu zuen urte hartan. 25 liga ditu irabaziak Helsinkik, eta 11 kopa ere bai.
Hasiera batean, arerio erraz samarra dirudi Bilboko taldearentzat. Bi taldeen arteko kalitatean alde handia dago, baina Helsinkik badu gauza garrantzitsu bat bere alde: ligako 33 neurketetatik hogei jokatuak dituela, eta beraz, sasoiko garairik onenetakoan dagoela. Bigarren postuan dago Finlandiako Ligan, Iner Turku taldetik bi puntura.
Antti Muurinen da Helsinkiko entrenatzailea. Baloia edukitzea eta erasokor jokatzea gustatzen zaio. Hitz batean, Athleticen antzeko jokoa du Finlandiako taldeak. Hori bai: zuri-gorriek askoz dohain gehiago dituzte horretarako. Iazko sasoiko golegile nagusia falta zaio Helsinkiri: Jari Litmanen. Futbola utzi berri du, 41 urterekin. Izar moduan ikusten dute Finlandian, eta normala da, besteak beste, Bartzelonan, Ajaxen eta Liverpoolen ibilitakoa baita. Aurrelari postuan jokatzen zuen, eta haren lekua betetzeko baditu beste jokalari batzuk taldeak.
Bi afrikarrek osatzen dute aurreko lerroa: Demba Savagek eta Sherif Ashrafek. Biziak dira, goikako jokaldietan arriskutsuak, baina kalitatea falta zaie. Taldeko jokalaririk onena Juho Makela da. Txapeldunen Ligako kanporaketa aurrekoetako partidetan hiru gol egin ditu finlandiarrak.
Bistan denez, Athleticek berea emanez gero ez luke arazorik izan behar aurrera egiteko. Ordea, berea ematen izango dituzte lanak zuri-gorriek. Datozen egunetan argituko da Llorente kanporaketa horretan izango den edo ez.
Helsinki, erne ibiltzekoa
Athleticek Finlandiako txapeldunaren aurka jokatuko du Europako Ligako sailkatze faseko azken kanporaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu