Selekzioa. Venezuelaren kontrako partida

Hemen da berriz ere

Euskal Selekzioak, hiru urteko hutsunearen ondoren, Gabonetako neurketa jokatuko du gaur, Venezuelaren aurka, San MamesenZaragozak ez dio Herrerari jokatzen utzi, eta Labakak San Jose ordezkatuko du

Mikel Aranburu ariketa egiten, atzo, Lezaman, Euskal Selekzioaren entrenamenduan, gainontzeko taldekideak begira dituela. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Hiru urte tunelean ezkutatuta egon ondoren, badator berriz ere trena. Txuri, gorri eta berde koloredun trena. Azken aldiz 2007ko abenduan ikusi zen martxan, eta kosta zaio itzultzen, baina badator. Nonbait, gidaria eta langileak ez dira abiatzeko adostasun batera iritsi hiru urteotan, eta horregatik egon dira tunelean sartuta. Trenaren izena erabakitzen bat egin dute azkenean, baina izenak ez, izanak sortu dizkie komeria gehien. Denbora luze zihoan, ordea, eta ohartu dira argitara irteteko unea ere badela. Hori bai, inongo geltokitan geratzeko asmorik gabe datoz, etenik gabe aurrera jarraitzeko helburuarekin.

Helburu hori, baina, argiago dute Euskal Selekzioko jokalariek, alegia, langileek, Euskadiko Futbol Federazioak, gidariak baino. Azken aldiz orain hiru urte jokatu zuen Euskal Selekzioak, orduan Euskal Herria izenarekin, eta bana berdindu zuen Kataluniaren aurka. Ordutik tira-bira bat baino gehiago izan dute jokalariek eta federazioak, izena, izaera... direla medio, baina, azkenean, iritsi da benetako eguna. Batik bat, jokalarien borondateari esker. Eta behin hori lortuta, katea inoiz ez moztea espero dute.

Bada, katehorretako lehen aurkaria Venezuela izango da. Egia da lagun arteko partida besterik ez dela San Mamesekoa, baina horrek ez du esan nahi jokalariek daukaten guztia emango ez dutenik jokaldi bakoitzean. Hego amerikarren aurkako norgehiagoka prestatzeko atzo egin zuen lan saio bakarra Euskal Selekzioak, Lezaman, eta uste baino berritasun gehiago izango dira gaur, hutsune batzuk tarteko.

Hasieratik jakina zen min hartuta dauden F. Llorente eta Iraola ez zirela deialdian izango, ez eta Ingalaterrako Ligan aritzen diren Almunia eta Arteta ere. Adurizi, berriz, Valentziak ez jokatzeko agindu zion. Azken egunotan, baina, aldaketa gehiago gertatu dira. Adurizen kasu berdina jasan dute Ruffier Monakoko atezainak eta HerreraZaragozako jokalariak. Euren taldeetako entrenatzaileak min hartuko duten beldur dira, nonbait. Riesgok eta Zurutuzak beteko dituzte euren lekuak, hurrenez hurren. Eta azkenik, San Josek ere ezingo du jokatu, gaixorik dagoelako. Labakak ordezkatuko du.

Hutsuneak hutsune, Euskal Selekzioak talde sendoa eta ona daukala esan zuen J. Llorentek atzoko lan saioaren ostean: «Sekulako taldea daukagu, eta edonori aurre egiteko gai gara. Oso lagungarria izango zaigu zaleen babesa». Jose Angel Iribarrek ere gauza bera aipatu zuen, baina arerioaren oso ona dela gogorarazita: «Venezuela munduko aurkaririk onena balitz bezala hartuko dugu. Mundu mailan presentzia du, eta talde ona da». Hori bai, Euskal Selekzioak bezala Venezuelak ere hutsune garrantzitsuak ditu: Rondon, Miku eta Arango, besteak beste.

Errebantxa kutsua

Sekulako ikusmina piztu du gaurko partidak, sarrerak ere jarri ahala amaitu baitira. Euskal futbolzaleak selekzioa ikusteko gogotsu daude, eta San Mames bete egingo da.40.000 eztarrik, gainera, ofizialtasuna aldarrikatuko dute aho batez, eta Llorentek momentu hori hunkigarria izango dela esan zuen: «Hemen gaude ofizialak izan nahi dugulako, eta gure selekzioarekin jokatu nahi dugulako. Horixe aldarrikatu behar dugu». Iribarrek ere mezu bera nabarmendu zuen: «Ofizialtasuna lortzeko jokatzea da onena, bestela ez gaituzte aintzat hartuko». Zalantzarik gabe, euskal futbolaren urteko gaua biziko da gaur, partidak ere ona izateko osagai guztiak baitauzka.

Euskal Selekzioak eta Venezuelak elkarren aurka jokatuko duten lehen aldia ez da. Izan ere, 2007ko ekainaren 20an Hego Amerikan jokatu zuten bi taldeek. Euskal Selekzioak 3-4 irabazi zuen, partida bikaina jokatuta, eta gaurkoa, itzulerakoa ez ezik, errebantxa modukoa ereizango dela diote askok.

Bestalde, Joseba Etxeberriak omenaldia jasoko du, eta berak egingo du ohorezko sakea. Izan ere, elgoibartarra da Euskal Selekzioarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria: 11 guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.