Espainiako Gobernuak bertan behera utzi du Vueltaren aitzakian ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak biharko Iruñean antolatua zuen ekitaldia. Bihartik hasita, Vueltak lau egun egingo ditu Euskal Herriko lurretan, eta horren aurka kalejira moduko bat zuten egitekoa ESAITeko kideek, jai giroan, Santo Domingotik Foru Diputaziora. Hain zuzen ere, etapa igaroko den errepideetan barna. Ordea, Espainiako zein Nafarroako Gobernuen jarrera ikusita, plana aldatzea beste erremediorik ez du izan iritzi taldeak, eta atzo eman zuten horren berri, Donostian, Anoeta estadioan dagoen kirol etxean.
Egoitz Askasibar iritzi taldeko kideak jakinarazi zuenez, ekitaldia Baluarte plazara bideratuko dute: «Gobernuaren jarrera oztopatzaile eta ukatzaile hori ikusita, nazio eskubideen aldeko ekitaldia Baluarte plazan eginen dugu, eguerdiko ordu bata eta erdietan. Kontzentrazio bat antolatu dugu, eta bukaeran adierazpen batzuk egingo ditugu». Hemen ez bada, han, Euskal Herriaren hitza plazaratu beharra dagoela gogorarazi zuten ESAITeko kideek: «Espainiako Vuelta baliatuz nazioa garela eta gure herria bizirik dagoela aldarrikatu behar dugu, euskal sinbologia hartuta».
Ikurrinak eta halakoak hartuta kalera ateratzeko deia egin du iritzi taldeak, UPNren —Nafarroan agintzen du— jarrera salatzearekin batera: «Ez gaituzte engainatuko Vuelta Euskal Herrira ekarriaz, Espainiako selekzioei alfonbra gorria jarriaz edota zezenketetan ikurrina atereaz, euskal hiritar gehiengo batek argi baitugu Euskal Herria ez dela Espainiako zati bat, bizirik jarraitzen duen eta bere eskubideak dituen nazio bat baizik».
Arrateko igoera, bere horretan
ESAITeko kideek badakite ez dela erraza izango jendearen parte hartzea lortzea: «Ia-ia gure ekitaldiaren ordu berean Josu Uribetxebarriaren aldeko manifestazioa dago Bilbon, eta euskal jende ugari izango da bertan. Guk esan beharra daukagu bat egiten dugula aldarrikapen horrekin, nahiz eta gu Iruñean egon», adierazi zuen Martxel Toledok.
Iruñeko kalejiraz gain, datorren astelehenerako Eibartik Arraterainoko bizikleta martxa ere antolaturik zeukan ESAITek, eta horri bere horretan eutsiko zaio: «Eibarko Udalak ez digu inolako oztoporik jarri».
Hemen ez bada, han
ESAITek kontzentrazio bat egingo du Iruñean bihar, kalejira egiteko baimenik ez baitio eman Espainiako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu