Euskal Herriko Itzulia

Henao lider dela, lauren kontua da Itzulia

Diego Rosak (Astana) irabazi du bosgarren etapa, Arraten, ia egun osoa bakarrik egin ondoren. Sergio Luis Henao (Sky) jarri da lider, sei, segundora dauka Alberto Contador (Tinkoff), hamarrera Thibaut Pinot (FDJ) eta hamabira Joaquim Rodriguez (Katuxa).

unai zubeldia
2016ko apirilaren 8a
20:24
Entzun

Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapak bi zatitan banatu du lasterketa. Aurrean, erakustaldi handia eman du Diego Rosak (Astana), eta bizikletatik jaitsi eta oinez sartu da Arrateko helmugan, egun osoa ihes eginda igaro ondoren. Bakar lanean aritu da 100 kilometro baino gehiagoan, eta handikiro lortu du World Tourreko lehen garaipena. Atzean, berriz, Skyk mugitu du arbola, Mikel Landa eta David Lopez aurrera bidalita. Faboritoekiko minutu erditik gorako aldea ere izan du murgiarrak, baina Alberto Contadorrek (Tinkoff) Usartzako lehen maldetan ezerezean utzi du arabarraren saiakera. Sergio Luis Henaok (Sky) erantzun dio espainiarraren erasoari, eta elkarrekin helmugaratu dira, Thibaut Pinot (FDJ) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa) gain-gainean zituztela.

Askoz gehiago sufritu du liderrak, Wilco Keldermanek (Jumbo), eta zortzigarren posturaino atzera egin du sailkapen nagusian. Henaorengandik 1.07 minutura dago orain. 16,5 kilometroko erlojupekoa izango dute bihar, eta lau txirrindulariren arteko lehia izango dela ematen du. Henaorengandik sei segundora dago Contador, hamarrera Pinot, eta hamabira Joaquim Rodriguez. Bosgarren dago Samuel Sanchez (BMC), 31 segundora, eta seigarren Nairo Quintana (Movistar), 38ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.