TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA

Heras, marka egitekotan

Espainiako Vuelta lau aldiz irabazi duen txirrindulari bakarra bihur daiteke Libertykoa; Heras bera, Gonzalez, Mancebo eta Mentxov dira gaur hasiko den itzulian nagusitzeko faborito nagusiak; ibilbide bihurriari aurre egin beharko diote

Igor Susaeta.
2005eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Marka egitekotan da Heras. Libertyko txirrindulariak laugarren aldiz irabaz dezake Espainiako Vuelta aurten. Berrenderok eta Deloorrek bina irabazi zituzten 30eko hamarkadan. Aro modernoan, berriz, Fuente, Hinault, Delgado eta Zulle ere bitan nagusitu dira. Toni Romingerrek marka egin zuen 90eko hamarkadan, hiru Vuelta segidan irabazita. Orain, Heras da marka hori hautsi eta berria ezar dezakeena. Izan ere, laugarrena irabaz dezake 31 urterekin. Hiru aste oso eta ibilbide bihurriko 21 etapa ditu aurretik, ametsa gauzatzeko ahaleginean.

-faboritoak: Halere, gogotik lan egin beharko du Herasek helburua lortzeko. Bera da faborito nagusia. Zergatik? Espainiako Vueltan, irailean izanda ere, beti bikain moldatu izan delako. Bizpahiru txirrindularik jar dezakete kolokan Herasen erregetza. Garai honetarako nekatuta, etxean gelditzeko gogoarekin egon arren, garaipen egarria aseezina da. Batzuek, halere, ez dute asetzeko arriskurik, garaipen zorroa hutsik daukatelako oraindik. Aipatutako bizpahiru txirrindulari horiek Aitor Gonzalez, Francisco Mancebo eta Denis Mentxov dira. Hiru horietan, Gonzalez izan da aurten garaipenen bat lortu duen bakarra. Espainiako Vuelta prestatzen aritu da azken bi hilabeteetan. Orain hiru urte bezala ibiltzen bada, kontuz Zumarragakoarekin. Ziklista bikaina da. Mancebo oso ondo aritu zen Frantziako Tourrean, baina ezin besoak altxa. Erregularra, sufritzen dakiena... hitzontzikeria barra-barra espainiarraren inguruan, baina garaipenak, apenas. Mentxov, berriz, pattal Tourrean. Askoz ere hobeto ibiliko zela uste genuen denok, baita berak ere. Horregatik, arantza ateratzeko gogoz arituko da Espainiako errepideetan. Dohainak, behintzat, ez zaizkio falta.

-euskal herritarrak eta AURREAN IBIL DAITEZKEENAK: Euskal herritar dezente, beti bezala. Gonzalez kenduta, 18 guztira. Libertytik Joseba Beloki eta Igor Gonzalez de Galdeano. Euskalteletik Kolfo Fdez. de Larrea, Gorka Gonzalez, David Lopez, Egoi Martinez, Iban Mayo, Aketza Peña eta Markel Irizar. Illes Balearsetik Mikel Pradera, Txente Garcia eta Osa anaiak. Comunidad Valencianatik David Latasa, Cofidisetik Bingen Fernandez, Bouygues Telecometik Unai Yus, Rabobanketik Pedro Horrillo eta Lampretik Patxi Vila. Etapa ehizean ibil daitezken gizonak ia denak. Euskaltelekoei, Libertykoei eta Illes Balearsekoei, baina, lan egitea tokatuko zaie, baldin eta euren liderrak muturrean badabiltza. Mayok ere lanerako prestatu beharko du bere burua. Tourrean makal eta arazo fisikoekin. Bere onera etortzea kostatzen zaiola dio. Burua altxatu ezinda dabil, joan den urteko Dauphine Liberean bikain ibili zenetik. Faboritoen bigarren zerrendan Sastre, Beltran, Garcia Quesada, Botero eta Pereiro daude. Aurrean ibil daitezke; muturrean ere bai. Denboraldian bakoitzak egin duenak eragin handia du Espainiako Vueltan. Garaipenen zakua ondo betea baldin badago, lasaiago aritzeko joera izaten dute ziklistek, normala den bezala. Bestela, egurra ematera derrigortuta daude. Noski, horretarako, hanka zuztarrak fresko behar dira. Horrek baldintzatzen du, beharbada, gehien Espainiako Vueltan parte hartzen duten txirrindularien jarduna; freskotasunak, alegia.

-ibilbideko Lehen astea, kontuan hartu beharrekoa: Aurreneko astea erlojupeko batekin hasi eta erlojupeko batekin bukatuko da. Aurrena 7 kilometrokoa; bigarrena, ordea, luzexeagoa: 48 kilometro, Lloret de Marren inguruan. Tartean, baina, mendian bukatuko den lehendabiziko saioari aurre egin beharko diote txirrindulariek. Izan ere, Valdelinaresen amaituko da seigarren etapa. Mendatea ez da gogor-gogorra: 11 kilometro luze, %5,3ko batez besteko pendizarekin. Halere, Vuelta nork ez duen irabaziko nabarituko da hango maldetan. Hara iritsi baino lehenago, baina, haize-babesak sor litezke laugarren etapan, Argamasilla de Albara bidean. Horrelakoetan ere minutu asko galdu izan dira. Adi, beraz.

-bigarren astea, erabakigarria: Sei etapa eta atseden egun bat tartean. Sei etapa horietatikbost, baina, mendian amaituko dira. Pirinioetako bi saioek sailkapena argitzeko balio dezakete. Ordino-Arcalis, Cerler, Montaup, Canto... ez dira mendate beldurgarriak, baina irailean, aldapa gora hasi orduko, nekea segituan nabaritzen da. Horietan gogorrena Cerler da. Aspaldian Espainiako Vueltak ez da hara iiritsi. Asturias aldera joko dute gero, Bien Aparecidako etapa urduria egin ostean. Covadongako Lakuetan eta Pajaresen amaituko dira hurrengo bi etapak. Aurrenekoa Espainiako mendaterik gogorrenetakoa da. Ederra. Berezia. 2001ean igo ziren azkenekoz, eta Mercadok irabazi zuen. Hurrengo egunean, Pajares. Covadongakoa bezain gogorra izan ez arren, min handiagoa egin dezake. Bi etapetako ibilbidea, gainera, bihurria da oso. Lehen mailako eta bigarren mailako hainbat mendate igaro beharko dituzte. Bi egun horiek sailkapen nagusia erabakita uzteko balio dezakete.

-hirugarren astean, ezustekorako aukerarik ez: Indarrez larri egongo dira jada txirrindulariak. Leon eta Valladolid artean atseden hartu ahal izango dute, nahiz eta haize-babesak sortzeko arriskua egon. Ondoren, Segoviako probintzian, Navacerrada eta Morcuera gainditu beharko dituzte. Avilan, Gredosko mendikatean barna ere ibiliko dira. Mendate dezente bidean, ihesaldi interesgarriak sortzeko aproposak, baina indarrik eta gogorik ez. Azken-aurreko eguneko erlojuaren kontrakoak gauza bere lekuan jarriko ditu hiru asteren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.