Udatik udazken ilunera baino, udazkenetik uda argitsurainoko trantsizioa ezagutzen ari da Baskonia. Uda gorabeheratsu samarra izan da Gasteizko taldeko bulegoetan. Jokalari batzuei egindako soldata murrizketa, beste batzuen salmenta, fitxatu nahi, eta fitxatu ez diren beste batzuk, denboraldi-aurrean hain ohikoak diren lesioak Europako Txapelketa denboraldia hasi aurreko hilabetean... Bi aste atzera Baskonia egoera penagarrian zegoen. Lan saioak lauzpabost jokalarirekin egiten, bulegoak sutan, eta egutegia gero eta presio handiagoa egiten.
Egoera, baina, aldatu egin da, eta goitik behera. Lituanian euren selekzioekin aritu diren jokalarien etorrerak multzoa indartu du, baina min hartuta zeuden jokalarien egoera fisikoak ere. Thomas Heurtel joko antolatzailearen belauneko tendinitisak hobera egin du, eta prest egongo da iganderako, Diputazio saria jokatzeko. Reggie Williams hegalekoaren parte hartzea ez da ziurra, baina Espainiako Superkoparako osatuta egotea espero duela esan zuen atzo—gaur zortzi hasiko da, Bilbon— , taldeak sasoi honetan Euroligan erabiliko duen elastikoa erakusteko Baskonia Kirol Hirian egindako agerraldian.
Lituanian kanporatuak izan ondoren, hainbat jokalari etorri dira Gasteizera. Joan den astean, Mirza Teletovic bosniarra eta Milko Bjielica montenegroarra. Astelehenean ailegatu ziren Pablo Prigioni eta Nemanja Bjelica. Lehena Ameriketako torneoa jokatzetik —Argentina nagusitu zen—, eta Lituaniatik bigarrena, Serbia final-laurdenetan kanporatua izan ostean. Fernando San Emeterio zen iristen azkena, Espainiak txapelketa irabazi duelako, baina berarekin batera iritsi da taldeak azken orduan fitxatu duen jokalaria: Kevin Seraphin pibot frantziarra.
Baskoniak zailtasun asko topatu ditu merkatuan pibot sendoak fitxatzeko, eta Maciej Lampreren lesioak are gehiago larritu du egoera. Seraphin bera Lamperen hutsunea betetzera dator, abendua bukaera arte edo, baina Baskoniak urte osoa Gasteizen geratzea nahi luke. Erabakia, ordea, ez dago jokalariaren esku, kontratupean baitago NBAko Washington Wizards taldearekin. AEBetako ligan greba baieztatzen bada, Gasteizen geratuko da Seraphin, gabonak arte gutxienez. Greba konpontzen bada, Seraphinek taldea utzi beharko luke, bai edo bai. Seraphinek gaur pasatuko du azterketa medikua, eta ondoren egingo dute haren aurkezpen ekitaldia.
«Gogortasuna behar dut»
Seraphin 21 urteko jokalari gaztea da, beste askok bezala gazte-gaztetan NBArako jauzia ematea erabaki zuena. Fisiko ikusgarria du: 2,06 da luzean, eta gihartsua da oso. Frantziako Cholet taldean hezi da, eta joan den urtean Washington Wizardseko lau urteko eskaintza onartzea erabaki zuen. 1,8 milioi euro ematen dizkio urteko NBAko talde horrek, baina Seraphin garesti ordaintzen ari da bere eskarmentu falta. Apenas jokatu dituen hamar minutu partidako, eta bere batez bestekoak pobre samarrak dira: 2,4 puntu eta 2,7 errebote. «Entrenatzaile gogorra behar dut nire jokoa hobetzeko, eta Dusko Ivanovic halakoa dela esan didatelako etorri naiz Gasteizera». Adierazpen horiek The Washington Post kazetan egin zituen Seraphinek.
Frantziarrak apenas ezagutzen dituen taldekideak, baina Prigioni ACB ligan ibilitakoa da azken hamarkadan, eta ondo ezagutzen du taldea. Bere esanetan, «taldeari pibot indartsu bat falta zaio, baina kanpoko lerroan sekulako indarra daukagula uste dut. Zuzendaritzako kideek jokalariren bat etorriko dela esan dute, eta oraingoz ez nintzateke sobera arduratuko. Gasteizen barneratuta dute exijentzia gorena dela, eta hori ez da aldatuko».
Heurtel, Pau Ribas, Brad Oleson, Williams eta Dejan Muslirekin herren zegoen taldea, baina beste itxura bat dauka orain. Prigioni, Milko eta Nemanja Bjelica, Teletovic, San Emeterio eta Seraphin etorri direlako.
Herren zegoen; sendotzen ari da
Kevin Seraphinen fitxaketarekin, Baskoniak hamabi jokalari ditu dagoeneko sasoiari aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu