Herrenka, eta gainera, makulurik gabe

Baskoniak Manresa hartuko du gaur, Splitter gabe eta Prigioniren zalantzarekin (20.30, ETB 1)

Andoni Urbistondo.
2008ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Herren asko makulu gabe moldatzen dira. Makulu bat eramaten dutenak ere badaude, eta bi makuluren beharra dutenak ere ez dira gutxi. Tau Baskonia herren dabil Liga hasiera honetan. Tiago Splitter gabe jokatu ditu hiru partida --Superkopako biak eta Ligako lehenengoa--, taldeko makulu sendoenetakoa, eta txukun antzean moldatu da. Gaur Ligako bigarren norgehiagoka jokatuko du, eta litekeena da herrenak bi makulu gabe jokatzea. Ziurra da Splitterrek ez duela jokatuko, eta agian, Pablo Prigionik ere ez du jokatuko. Bigarren makulua da, eta garrantzitsuagoa, bera gabe talde guztia hankaz gora eror daitekeelako. Taldeko arima, bihotza, motorra, nagusia da.

Artritis traumatikoa dauka ezker oineko behatz batean. Menorcaren aurkako azken jokaldian hartu zuen min.Ez da larria, baina bai mingarria. Partida beraren bilakaerak erabakiko du jokatuko duen edo ez. Bera gabe taldekideek partida ondo bideratzen badute, Prigionik atsedena hartuko du, baina taldeak komeriak baditu, Ivanovicek Prigioniren parte hartzea behartu dezake.

Onena Prigionik ez jokatzea litzateke. Horrek taldea argentinarra gabe ondo moldatu dela adieraziko luke. Vidal eta Rakocevic taldea gidatzen txukun aritu direlako, edo taldearentzat interesgarriena den egoera eman delako. Mustafa Shakurrek partida ona egin eta taldean lekua daukala erakutsi duelako. Shakurrek burtsan kotizatuko balu, bere balioa gorrian egongo litzateke. Ez dabil ondo, eta denbora aurrera doa. Gero eta partida gutxiago geratzen zaizkio Prigioniri atsedena emateko moduko jokalaria dela erakusteko --bi hilabeterako kontratua egin zioten--.

Etxeko arazo horiei aurkariak sor ditzakeenak gehitu behar zaizkio. Manresak arazo franko eragiteko moduko taldea daukalako. Gainera, arabarrek ia hiru urte daramatzate kataluniarrak garaitu gabe. Talde deserosoa izan da beti, eta gaurkoan ere hala izango da. Josh Asselin da taldeko izarra. 2.11 da luze AEBetako pibota, eta lehen partidan 20 puntu sartu eta 8 errebote jaso zituen. Aintzat hartzeko moduko beste jokalari batzuk ere baditu: Bulfoni, Carles Marco, Alzamora, Montañez, Serge Ibaka...



TAU BASKONIA-MANRESA

Tau Baskonia. Prigioni, Shakur, Nocedal, Rakocevic, Vidal, Mickeal, San Emeterio, Eslava, Teletovic, McDonald eta Barac.

Menorca. Marco, Rodrigo San Miguel, Montañez, Jordi Grimau, Montañez, Bulfoni, Diego Sanchez, Guillem Rubio, Alzamora, Serge Ibaka eta Asselin.

Sailkapena. Tau Baskonia 7. postua (1-0); Manresa 8. (1-0).

Lekua. Fernando Buesa Arena pabilioia (

Ordua. 20:30ean (ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.