Herri izaerarekin, dominei begira

Euskal Herriko hamabost segalari ariko dira Europako Txapelketan, bihar eta etzi, Eslovenian

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Austria, Alemania, Suitza, Eslovenia, Hego Tirol... eta Euskal Herria. Sei herrialdetako segalariak ariko dira lehian bihar eta etzi Europako Sega Txapelketan, Cerklje na Gorenjskem herrian (Eslovenia), eta tartean izango dira hamabost euskal segalari. Nazioarteko lehian jokatuko da txapelketa, hau da, azkartasuna eta txukuntasuna uztartuta. Almitza elkarteak antolatutako ligan ondoen sailkatutako hamabost segalariek lortu dute Europako Txapelketarako txartela: bost emakumezkok eta hamar gizonezkok.

Ondorengoa da euskal segalarien hamabostekoa: Irati Astondoa, Arrate Garin, Ainhoa Galarraga, Garazi Ezeiza, Naroa Geresta, Migel Mari Jauregi Altzo, Igor Urkola, Arkaitz Arteaga, Joseba Agirrezabala, Andoni Egia, Oier Urkola, Markel Jauregi, Joxe Gabirondo, Bixente Mitxelena eta Unai Iraola. Maguregi da denetan gazteena, 16 urte besterik ez baitauzka, eta sonatuenak, berriz, Mitxelena, Gabirondo, Altzo eta Garin dira.

Hamabost euskal segalarientzat dominen borrokaz haratagoko txapelketa da Esloveniakoa. Hori bai, dominaren bat irabazteko aukerarik txikiena ere baliatu egin nahi dute euskal segalariek. Kalkuluak eginda dauzkate. Gizonezkoetan bi minuturen bueltan amaitu beharko dituzte lanak dominen borrokan sartzeko, eta emakumezkoetan minutuaren bueltan. Denboraz gain, ezinbestekoa da txukun ebakitzea, gainerakoan zigorra jartzen dutelako epaileek.

Kirol lehia soilaz gain, Euskal Herriko dantzariak eta txistulariak ere joan dira Esloveniara. Azken batean, Euskal Herria nazioartera zabaltzeko helburua ere badaukate euskal segalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.