Txirrindularitza. Italiako Giroa

Hesjedal da faboritoa

Rodriguezek aldea handitzea lortu du, baina Hesjedalek aukera ona du gaur Giroa irabazteko, erlojuaren kontra hobea baitaDe Gendten erakustaldiak saririk gabe utzi du etapa irabazteko Nieveren ahalegina

jakes goikoetxea
Donostia
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
31 segundoren atzerapena. Kilometroko bat kendu beharra, Milango kaleetan. Ryder Hesjedalek (Garmin) eskura du Italiako Giroa, Joaquim Rodriguezek (Katuxa) 31 segundoren aldea baino ez baitu eta Hesjedal erlojuaren kontrako probetan hobea delako. Rodriguezek berak aitortu du: «Mirari bat behar dut», esan zuen atzo, Hesjedali Giroa irabazteko aukerez. Gaur amaituko da Italiako itzulia, 31 kilometroko erlojuaren kontrako proba batekin, Milanen. Michele Scarponi (Lampre), Thomas de Gendt (Vacansoleil) eta Ivan Basso (Liquigas) lehiatuko dira podiumeko hirugarren postua lortzeko.

De Gendtek erakustaldia eman zuen eta sailkapena hankaz gora jarri zuen atzo, Stelvioko 22 kilometroetan eta 48 bihurguneetan. Zenbait unetan maglia arrosa ere eskura izan zuen, bost segundo eskasera.

De Gendten grinak, eskarmentuak eta tropeleko oilarren ezinak Giroa irabazteko hautagai bihurtu zuten: grinak, Mortirolon ihes egin, Stelvion Mikel Nieve (Euskaltel) eta Damiano Cunego (Lampre) atzean utzi eta faboritoen taldeari aldea atera ziolako etengabe; eskarmentuak, De Gendtek kontzentrazioak egiten baititu Stelviotik gertu eta igoera ondo ezagutzen duelako; eta oilarren ezinak, batzuk Giroa bera eta besteak podiuma arriskuan edukita ere elkarri begira egon zirelako. Rodriguezek uko egin zion maglia arrosa babesteari, eta ardura Hesjedalen bizkar gainean utzi zuen. Hesjedalek ordurako bazekien De Gendt erlojuaren kontrako espezialista dela.

Azkeneko kilometroetan, ordea, aldea asko jaitsi zen, De Gendten nekearen, Hesjedalek ezarritako erritmo gogorraren eta faboritoen arteko erasoen eraginez. De Gendtek hiru minututik gora atera zizkien Rodriguezi, Hesjedali eta gainerakoei. Nahikoa gaur sailkapen nagusiko hirugarren postua lortu ahal izateko, baina gutxiegi Giroa irabazteko: 2.18 minuturen aldea atera behar dio Rodriguezi eta 1.47rena Hesjedali.

Rodriguezek, badaezpada, herenegun galdutako aldea berreskuratu zuen atzo, azken kilometroan jotako eraso baten bitartez: hamahiru segundo atera zizkion Hesjedali, eta 31ren aldea du orain. Hesjedal bera baino nekatuago egotea da aldeari eusteko aukera bakarra, baina bai atzo eta bai herenegun Hesjedalek erakutsi du Rodriguez baino indartsuago dagoela.

Txirrindularitzan epikoak deitu ohi diren etapa horietako bat izan zen atzokoa: etaparen gogortasunagatik, Mortiroloko eta Stelvioko malda luze, estu eta tenteengatik; altueragatik —Stelvioko gain elurtua 2.757 metrora dago— eta haizearengatik; De Gendten, Nieveren eta beste batzuen ahaleginagatik; baita sailkapen nagusia dantzan egon zelako ere.

Giroko antolatzaileek zaleen esku utzi zuten itzuliko etapa nagusia osatzea. Zaleek, gupidarik gabe, Mortirolo eta Stelvio beldurgarriak aukeratu zituzten. Etapa gogorrago egin zuten Tonale, Aprica eta Teglio mendateek, 219 kilometroko luzerak eta itzuliaren hirugarren astean egiteak.

Euskaltel, protagonista

Euskaltel nabarmendu egin zen, baina Nievek ezin izan zituen berdindu ez iaz Gardeccian lortutako garaipena, ez Paco Galdos gasteiztarrak 1975ean Stelvion lortutakoa. Galdos (Kas) bigarrena zen orduko Giroan, eta Stelvion amaitu zen azken etapa. Galdosek etapa irabazi zuen, elur hormen artean gora eginda, baina ez zuen lortu maglia arrosa, 41 segundorengatik.

Atzo, Stelvioko maldetan eta sigi-sagetan Nievek ezin izan zien eutsi De Gendti eta Cunegori. Nievek eta Jon Izagirrek faboritoen taldea utzi zuten Mortirolo igaro eta gero, eta bat egin zuten oraindik eusten zioten iheslarien taldearekin. Talde horretan zeuden De Gendt eta Cunego. Izagirrek erritmo gogorra jarri zuen eta taldea eraman zuen Stelvioraino. Lehen kilometroetan Nieve De Gendti eusteko gai izan zen. Baina, hamazazpi kilometro falta zirela, De Gendtek bakarrik egin zuen aurrera, Stelvioko gain elurturaino.

Nievek ez zuen lortu etapa irabaztea; bai, ordea, sailkapeneko lehenengo hamarren artean sartzea. Bederatzigarrena da, Rodriguezengandik 5.56ra. Bederatzi segundora du Domenico Pozzovivo (Colnago), zortzigarrena; 47 segundora, berriz, John Gadret (Ag2r), hamargarrena. Nievek Giroaren balantze laburra egin zuen atzoko etapa amaieran. Balantze ona: «Egunero borrokatu gara, arriskatu dugu eta etapa bat irabazi dugu. Gainera, lehen hamarren artean sar gaitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.