Itzulia hasi aurretik ez zen Italiako Giroa irabazteko faboritoa Ryder Hesjedal (Garmin), baina azken egunean bai, erlojupekoari ekin aurretik, eta ez zuen hutsik egin. Milango errepideetan eginiko 30 kilometroetan aise jan zizkion 31 segundoak Joaquim Rodriguezi (Katuxa), eta profesional mailan lehenengoz irabazi du itzuli handi bat. Inor gutxik egingo zuen kanadarraren aldeko apustua orain hiru aste, baina merezita gailendu da. Bera izan da erregularrena etapa menditsuetan, eta erlojuaren kontra, ohi duen maila ona eman du. Sailkapen nagusian hamasei segundoren abantaila atera dio Rodriguezi azkenean, eta ia bi minuturena Thomas De Gendti (Vacansoleil). Dudarik gabe, balentria egin du Hesjedalek.
«Nik neuk ere ez nuen espero Giroa irabaztea. Oraindik ezin dezaket sinetsi. Izugarri pozik nago, eta espero dut garaipenak Kanadako txirrindularitzari bultzada emateko balio ahal izatea», esan zuen irabazleak podiumera igo baino lehen. Izan ere, Hesjedal da itzuli handi batean podiumaren gorenera igotzea zer dakien kanadar bakarra. 1985. urtean modan egon zen Steve Bauerren izena, baina hark ez zuen halakorik lortu, garaipen garrantzitsuak eskuratu arren. Hesjedalek merezi bezalako oparia egin dio Kanadako ziklismoari.
Ez da garaipen zerrenda izugarria duen txirrindularia. 2007an Espainiako Itzulian irabazitako etapa bat zen haren zerrendako garaipenik esanguratsuena. Orain, ordea, izen handien artean sartu da. Txanponaren beste aldean geratu da Rodriguez. Ez da itzuli handietarako eginiko ziklista, baina oso momentu onean harrapatu du Giroak, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan du. De Gendt hirugarrenak itzuli aparta egin du. Ivan Basso (Liquigas) aritu da espero ez bezala. Taldeak eginiko lan eskerga ez du behar bezala baliatu.
Nabarmentzeko eta goraipatzeko lana Euskaltel-Euskadik egin du. Jarrera eta indar erakustaldia eman du. Jon Izagirrek etapa bat eman dio taldeari, eta Mikel Nieve lehen hamarretan sartu da. Helburuak bikain bete ditu talde laranjak.
Hesjedalek balentria egin du
Erregulartasunari eta erlojupekoan egindako erakustaldiari esker irabazi du kanadarrak Giroa, lehenengo aldiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu