Hilabete eskas falta da jakiteko Euskal Herriko saskibaloiaren hazkundea benetakoa den edo ahalegin hutsean geratuko den. Gaur-gaurkoz, hiru ordezkariak zortzi onenen artean daude, eta maiatzaren 6an ikusiko da hori bere horretan gelditzen den. Caja Laboral sailkatua dago kanporaketetarako, baina borrokan jarraitu nahi du, bigarren postua lortzeko. Borroka gogorragoa dute Lagun Arok eta Bizkaiak, oraingoz ez baitira sailkatu titulua lortzeko lehian. Zenbakietan, bi partida irabazi behar dituzte bai donostiarrek, bai bilbotarrek. Hemezortzi irabazita, azken laurdenetan leudeke, baina, zenbat eta partida gehiago irabazi, orduan eta kanporaketa samurragoa izango dute.
Baikor izateko arrazoiak badaude, baina puztu gabe. Lagun Aroren eta Bizkaiaren emaitza bolada ona da, eta, haien egutegiari begiratuz gero, eskura dute bi garaipeneko langa. Orain, bi garaipenen aldea dute bederatzigarren postuarekin, eta horren ondorioa argia da: CAI Zaragozak eta Unicajak jokatzeko dauden sei partidetatik lau irabazi beharko lituzkete, Lagun Arok eta Bizkaiak etxeko lanak ondo egingo balituzte, eta asko lortzea da hori. Konfiantza ematen dute bi taldeek, bigarren itzuli aparta egiten ari direlako. Bai Bizkaiak, bai Lagun Arok 8-3 balantzea daramate; ligako onena, Bartzelona alde batera utzita (9-2).
Kontuak egiten hasi, eta ia-ia ziurtzat jo daiteke Bizkaiak eta Lagun Arok hemezortzi partida irabaziko dituztela. Dena den, egutegi gaiztoa dute bi taldeek. Bizkaitarrek, batez ere. Neurketa erosoa dute hurrengoa, Valladoliden aurka, baina gero Valentziaren, CAI Zaragozaren, Donostiaren, Unicajaren eta Baskoniaren kontra jokatu beharko dute, bost aurkari gaiztoren kontra. Samurragoa da, itxuraz, Lagun Arorena: ondo bidean, ia ezinezko izango du irabaztea datorren igandean, Bartzelonan, baina gero Joventut, Fuenlabrada, Bizkaia, Banca Civica eta Kanaria Handiaren aurka jokatuko du.
Bizkaiak ontzat jo behar luke 3-3 balantzearekin bukatzea. Hemeretzi garaipen izanen lituzke horrela, eta 4. eta 7. postuen artean sailkatuko litzateke. Ziurrak dirudite Valladoliden eta Unicajaren aurkakoek, etxean, eta bakarren bat lapurtu behar luke etxetik urrun. Lagun Arok ere hiru garaipenetan du langa. Joventuten eta Kanaria Handiaren aurkakoek dirudite errazenak, bi horiek Illunben hartuko dituelako. Fuenlabrada, berriz, plaza aproposa da hirugarrena irabazteko.
Baskonia ere kontuak egiten ari da, baina ez kanporaketak jokatzeko, hogei partida irabazita sartua baita jadanik kanporaketetara. Bigarren postua eskuratu nahi du, abantaila lortu nahi baitu finalerdietan teorian Real Madrilen aurka jokatuko duen kanporaketako partida erabakigarria etxean jokatzeko, baina helburu zaila da. Madrilgo taldeak baino bi garaipen gehiago behar dituzte arabarrek, eta Real Madrilek egutegi samurra du, Bartzelonaren aurkako partida izan ezik.
Hilabeteko bidegurutzea
Seitatik bi partida irabazi behar dituzte Lagun Arok eta Bizkaiak kanporaketak jokatzeko; Baskoniak egutegi samurra du bigarren izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu