Denboraldiak hiru aldaketa nagusi izango ditu aurrekoarekin alderatuta. Haietako bakarra da araudiak dakarrena, beste biak kanpotik etorritakoak baitira. Hasi aurretik behintzat, eragin handiena izango duena Pirelli pneumatikoen itzulera izango da. Hogei urte pasatu eta gero 1 Formulan dira berriro italiarrak, baina oraingoan konpetentziarik gabe. 90eko hamarkada hasiera hartan ez ziren onenak, baina, hala ere, lasterketa batzuk irabazi zituzten. Aurten guztiak irabaziko dituzte, baina hasiera zaila izango dute. Izan ere, gidariak eta taldeak Bridgestonetara ohituta zeuden, eta haien iraupen luzera. Pirellik ez du hori eskainiko, ikuskizunaren aitzakian lehenago higatzen diren gomak jarriko baititu taldeen eskuera.
Berez ezin da esan goma bigunagoak direnik, itzuliko denbora iazkoa baino mantsoagoa izango baita. Horretan difusore bikoitzen debekuak ere eragin du, baina zaila izango da Pirellik lehen urtean errekorren bat haustea. Ikuskizuna nahi dute, eta beste bi aldaketek ere horixe lortu nahi dute. Atzeko aleroi mugikorrak horretan eragina izango du ere. Gidariak bolantean duen botoi baten bitartez atzeko aleroia tenteago edo etzanago jar dezake. Azken posizio horretan, haizearekiko marruskadura txikitxen da, eta abiadura handitu. Saio libre eta sailkapenean nahierara erabili ahal izango da. Lasterketan, ordea, aurreratzeko bakarrik. Eta zirkuituko zuzengune baten amaieran soilik.
Azken aldaketa nagusia KERSaren sasi-itzulera da. Duela bi urte sartu zuen FIAk araudian, baina iaz ez erabiltzea adostu zuten taldeek, arazo askoren iturri izan baitzen aurreko urtean: teknikoak eta ekonomikoak. Aurten, ordea, sistema helduagoa da, eta ezagutza nahikoa pilatu dute. Energia ahalmena lehengoan mantendu da, eta gidariak sei segundoz 80 zaldi gehiagoren bultzada jasoko du, beste auto bat aurreratzeko, edo beste auto bati aurreratzen ez uzteko.
Hiru aldaketa, ikuskizuna aldatzeko
Pirelli pneumatikoen itzulera, autoaren atzeko aleroi mugikorra eta KERSaren erabilera dira berritasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu