Hiru, bi baino hobeto

Partida erabakigarriak dituzte Lagun Arok eta Gescrapek gaur, Kopan sartzeko aukerari eutsi nahi badiote

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Bat egongo da. Besteak egon nahi du, baina lan zaila dauka. Eta hirugarrenak ez zuen egoteko asmo edo aukerarik, baina emaitzen bolada onak amets egiteko baimena eman dio. Iluntzean jokatuko dute Gescrap Bizkaiak eta Lagun Arok, eta partida erabakigarriak dituzte biek. Aurkari gaizto samarren aurka, gainera. Cajasol donostiarrentzat, (Ilunbe, 20:00) eta Unicaja, Malagan, bizkaitarrentzat (20:30).

Lehen itzulia bukatzeko lau jardunaldi falta dira, eta dena da tentsioa. Dena bestearen emaitzari erreparatzea. Ez hainbeste Sito Alonso taldearentzat, ez baitauka beste talde aberatsago batzuek duten premia, exijentzia. Lagun Arok ez zeukan Kopako borrokan sartzeko batere aukerarik orain bi aste, baina jarraian hiru garaipen lortu ondoren, 11. posturaino egin du jauzi, eta zortzi onenen langa garaipen bakarrera du. Bere alde du puntuen balantzea beste talde guztiekin, (+48), galdutako partidak irabazitakoak baino hiru gehiago izan arren, galdutakoak puntu gutxigatik izan direlako, eta irabazitakoak, puntu askoko aldearekin.

Kopa hitzak dardara eragiten du Donostia aldean. Hitz madarikatua da, eta inor ez da ausartzen ozen esatera. Orain bi denboraldi esku-eskura izan zuen garai hartako Bruesak Kopa, baina Fuenlabradan galdu zuen, eta kanpoan geratu zen. Sito Alonsok Kopa hitza erabili zuen atzoko atarikoan, baina Cajasoli buruz ari zenean. Bere taldearen jardunaz, eta Kopari buruz, hitzik ere ez. Horretan pentsatzen ez dutelako izango da.

Kopa madarikatu samarra den neurrian da garai txarra urtarrila Lagun Arorentzat. Estatistika benetan txarra baitauka hilabete horretan jokatutako partidetan. Txarra baino, okerragoa ezin. Azken hiru sasoitan, hamabost partida jokatu ditu Donostiako taldeak ilbeltzean, eta denak galdu ditu! Bai, hamabostetik hamabost. Oroitzapen txar horri bukaera emateko aukera onak izango ditu Lagun Arok hilabete honetan. Parean izango dituen aurkariengatik ez, baizik etaeuren sasoi puntu onagatik. Erakustaldiz erakustaldi ari baitira donostiarrak. Hogeita hiru puntugatik nagusitu ziren Badalonan; hamasei puntugatik etxean, Fuenlabradaren aurka, eta 33 puntugatik, joan den astean, Kanaria Handian.

Denboraldi batean oso gutxitan lortzen den kimika ona lortu du Lagun Arok. Gauzak ondo ateratzen diren une hori, taldea konfiantzaz lepo dagoelako. Aurkaria ernegarazten duzun une hori, egiten duena eginda ere irabaztea ezinezkoa dela sentiarazten diolako. Eta, halere, kontuz Cajasolekin, aurkari gaiztoa delako, eta feeling on hori bukatu eginen delako egunen batean. Sito Alonsok dioen bezala, «ez gaude ohituta hain bolada on luzeekin, baina gaudenez, ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatu behar dugu». Hala bedi.

Presio handia Gescrapentzat

Bizkaiarentzat askoz finagoa da arrakasta eta porrotaren arteko marra, eta Kopatik kanpo geratzea kolpe mingarria izango litzateke. Kontua da, baina, barruan baino kanpoan dagoela, eta egoera hori iraultzeko apenas daukan akatserako tarterik. Lehen azterketa zailetan zailena da, Unicaja, eta Malagatik esku-hutsik bueltatzea Kopari agur esatea izan liteke, beste emaitza guztiak onak ez badira.

Malagako taldea hirugarrena da Endesa Ligan, eta atzean utzi du iraganeko jardun gorabeheratsua. Hamahiru partida jokatu eta hiru bakarrik galdu ditu, eta azken jardunaldian Sevillan irabazteko gai izan zen Cajasol sendoaren aurka. Euroligan, aldiz, bestela aritu da: orain ondo, orain gaizki. Bizkaiak oso zenbaki txarrak ditu Miribillatik urrun, eta zenbaki horiek faborito argi egiten dute Unicaja gaurko partidari begira. Bizkaitarren aldeko arrazoiren bat bilatzen hasi, eta, presiopean, zirt edo zart egin behar izan duten neurketetan neurri ona eman dutela esan behar da. Alegia, ataka zailetatik ateratzen eskarmentua dutela, eta pentsatzekoa da gaur ere garaipenaren jokoan egongo direla.

Hala erakusten dute Baskonia eta Fenerbahce menderatu izanak, etxetik urrun, beste erremediorik ez zegoenean. Edo abenduaren 22ko garaipena Gasteizko taldearen aurka etxean. Hori ere Euroligan. Ezkorrenek Euroliga eta Endesa Liga txapelketa ezberdinak direla esango dute, eta ez dute arrazoirik falta, baina ligan, orain arte behintzat, ez da jokatu partida erabakigarririk, eta Euroligan bai. Gaurkoa erabakigarria da Bizkaiarentzat, galtzen badu 5-8 balantzearekin geratuko delako. Hala gertatuko balitz, kontuak garbiak lirateke. Geratzen diren partida guztiak irabazi beharko lituzkete bizkaitarrek.

Buruz-eta taldea ondo dagoela esan du Katsikarisek. San Emeterioren azken uneko hirukoa kolpe mingarria izanagatik jokalariek buelta eman diotela esan du atarikoan, eta jakin badakitela Malagan jokoan zer dagoen. Axel Hervelle eta Raul Lopez gero eta sasoi hobean daudela esan du entrenatzaile greziarrak, eta haiei esker, talde arriskutsuagoa direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.