Motza izango da aurtengo Donostiako feria. Motza, baina, era berean, polita. Soilik bi jaialdi izango ditu, eta hiru bikote. Bikote horiek mistoak izango dira. Asegarcekoek Aspeko pilotariak izango dituzte lagun. Beraz, urte guztian ikus ezin daitezkeen gauzak ikusi ahal izango dira. Lehenengo partida Bengoetxea VI.a-Barriolak eta Berasaluze VIII.a-Zubietak jokatuko dute, hilaren 11n. Lehia horretako garailea, berriz, Irujoren eta Albisuren kontra ariko da finalean, hilaren 17an. Nabarmentzekoa da Olaizola II.ak ez duela parte hartuko, baina, dena den, zer ikusirik eta zer gozaturik ez da faltako.
Batetik, bi leitzarrak elkarrekin kantxaratuko dira: Bengoetxea VI.a eta Barriola. Ez dute lehen aldia izango, azken aldiz batera jokatu zutenean garaile izan baitziren. Ondo hartzen dute elkar, eta daukaten harreman ona kantxan islatzen dute. Aurkariak ere ez dituzte hankamotzak izango. Zubieta kolpe freskoarekin dago, eta aurkariari bizkarra erakustea lortzen badu, Berasaluze VIII.ak ez ditu alferrik galduko aukerak. Elkarrentzat eginak daudela esan daiteke, baina hori galtza zuriak jantzita erakutsi behar da.
Ordea, Irujok eta Albisuk sortuko dute ikusmina. Atzelari gaztea beterano bihurtzen ari da, eta Irujorentzat bizkarzain aproposa da. Gainera, Iberokoak behetik gora egin du azken egunotan, eta joko bolada onean jarraitu nahiko du. Feriak izar gutxi dituen arren, distirarik ez da falta izango.
Irujo Olaizolaren aurka, gaur
Donostiako feriari ekin baino lehen, hori bai, Irujok badu zereginik. Gaur bertan, buruz buruko errebantxa jokatuko du Olaizola II.aren aurka, Gasteizen (17:30, Nitro). Aspekoak arantza atera nahiko du, finalean 22-7 galdu baitzuen. Goizuetarra oporretan izan da, baina ziur bere maila ona emango duela.
Hiru bikote, eta mistoak
Bengoetxea-Barriola eta Berasaluze-Zubieta partidako irabazleak Irujo-Albisuren kontra jokatuko du, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu