Hiru daude aurrean

Mark Webberrek bigarrenez lortu du 'pole'-a, Sebastian Vettelen eta Fernando Alonsoren aurretik

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Mark Webberrek (Red Bull) maila ona eman izan du beti Silverstonen, eta atzo pole-a lortu zuen, aurkari guztiak argi gaindituta. Aurrekoa Bartzelonan lortu zuen, baina orduko hartan Sebastian Vettelek (Red Bull) ez zuen KERSa erabiltzerik izan. Vettel bigarren izan zen atzo, ia denbora berbera eginda —0,032 segundo gehiago—, eta horrek izan dezake ondoriorik. Ferrarik osatu zuen bigarren lerroa, Fernando Alonso eta Felipe Massarekin. Ohiko irteera badirudi ere, horren atzean FIAk agindutako aldaketa asko daude, taldeen artean eztabaida piztu duten aldaketak.

Teknologiak berebiziko garrantzia du 1 Formulan, eta horregatik edozein arlo egokia da mugak bilatzeko. Azken hilabeteetan puztutako difusoreek garapen teknologiko handia izan dute. Horrek kostu igoera itzela eragin du, eta joera hori gelditu nahi izan du FIAk, horiek debekatuta. Araudi guztietan bezala, hainbat interpretazio egon daitezke. Eta ez hori bakarrik, talde batzuek baimen berezia izan dutelako, motorraren sendotasuna arriskuan jar lezakeela argudiatuta. Oso korapilatsua da gertatutakoa, Silverstonen bertan FIAk behin baino gehiagotan aldatu duelako bete beharreko arautegia.

FIAren asmoa ulergarria da oso, kostuak mugatzea ezinbestekoa baita gaur egun, baita 1 Formulan ere. Egokia izan ez dena erabakiaren unea izan da, denboraldiaren erdi-erdian. FIAk aitortu du hurrengo urtean debekatuta egongo direla puztutako difusoreak, baina bere asmoen kontra doa arau hori aurten bertan indarrean jarri izana. Azken finean, talde gehienek garatua zuten sistema legez kanpokotzat jo du orain. Hala, taldeek denboraldi erdian sistema berria diseinatu, garatu eta ekoiztu beharko dute. Kostuez gain, beste arrazoiren bat ez ote den egongo pentsarazten du. Adibidez, Red Bullen nagusitasuna berehala murriztea, denboraldi amaierara itxaron beharrean.

Hori bada euren asmoa, horretan ere huts egin dute. Oraingoz, behintzat. Izan ere, atzo Red Bullek osatu zuen lehen lerroa, iaz bezala, eta aurten hainbat aldiz gertatu den bezala. Red Bull mantsotu dutela esan dute taldeko arduradunek, baina aurrean jarraitzen dute. Kontuan izan behar da FIAk orain debekatu duen sistema ez zutela lasterketan erabiltzen, sailkatze entrenamenduetan baizik.

Beraz, larunbatetan Red Bull geldiarazi nahi bazuten, Silverstonen ez dute lortu. Egia da Ferrari inoiz baino gehiago gerturatu zaiela, eta, aldi berean, McLaren asko atzeratu dela. Baina zaila dajakitea bataren eta bestearen arrazoia arau aldaketan, zirkuituaren ezaugarrietan, nahiz autoan egindako berrikuntzetan dagoen.

Lasterketa bat baino gehiago beharko da benetako eragina ikusteko, baina unean unekoa ikusiz, Red Bull eta Ferrariren arteko lehia berpiztu da nabarmen, nahiz eta Massak atzerago amaitu zuen. Orain bi aste Valentzian bezala —lasterketa izugarri estua izan zen—, atzo ere Vettel, Webber eta Alonso hirukotea besteen gainetik izan ziren. Lasterketan ere hiru horiek izango dute agintaritza. Eguraldia aldakorra da beti Silverstonen, eta asteburua halaxe doa: ero. Atzo euriak estrategia guztiak korapilatu zituen, nahiz eta ez zen askorik nabaritu azken emaitzetan.

Gaur zeru lainotua izango dute, baina ez dute euririk iragarri. Berdin dio. Arauak edo eguraldia aldatuta, betiko hirukoteak aurrean jarraitzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.