Azken egunotan ezer berririk ez dute esan ia hiru hautagaiek. Kanpaina hasi zenetik aldarrikatu dutena errepikatu besterik ez dute egin. Agortuta iritsi dira azken txanpara. Hala ere, botoa erabaki barik daukaten bazkideen atxikimendua eurenganatzeko azken ahalegina egin dute. Guzman eta Pradera botoak irabazten saiatu dira, eta Lamikiz, ostera, ez galtzen. Busturiarra da gaur irabazteko faborito nagusia, eta beste bi hautagaitzek etengabe eraso diote Guzmanen zerrenda izan da kritikoena azkenaldion.
Gehiago ala gutxiago, hirurek izan dute defendatu beharra kanpainan. Praderari futbola ez ezagutzea aurpegiratu diote. Hiru hautagaien artean egitasmo berritzaileena aurkeztu du: kirol hiria egin gura du Artxandan, hurrengo urte bietan ez du bazkideen kuotak igotzeko asmorikÉ proposamen erakargarriak dira oso, baina gaur egungo futbolean ezin direla aurrera eraman diote beste bi hautagaiek.
Otxoa kasuak, berriz, min dezente eman dio Lamikizi. Arrate zein Athleticeko gerente ohia haren alde agertu dira kanpainan, eta, horren harira, Otxoak talde zuri-gorriarekin duen auzia erabili dute beste hautagaiek busturiarra erasotzeko. Arratek hil arteko kontratua egin zion Otxoari bere agintaldian, Real Madrilek eta Bartzelonak eurentzako nahi zutelako. Diru askoko kontratua da, eta Guzmanek eta Praderak lotsagarritzat jo dute.
Guzmani zikin jokatu izana aurpegiratu diote. Haren lan taldeak klubeko informazioa eman dio hedabide bati, eta informazio sekretua hauteskunde kanpainan erabili izana «onartezina» dela salatu du Lamikizek.
Batetik edo bestetik, salaketa asko egin dituzte. Horrek nekatu eta nazkatu egin du zalea. Ilusioa galdu du jarraitzaile zuri-gorriak eta abstentzioa handia izango den susmoa ere badago. Athleticek bihar Valentziaren aurka jokatuko du, denboraldiko San Mameseko lehen partidan, eta ezer gutxi hitz egin da horretaz. Gaur gaueko 21:00etan beste presidente bat izango du Athleticek, eta bihar San Mameseko palkoan jesarriko da.
Javier Uriaren eta Ignacio Ugartetxeren ondorengo presidentea izango da. 2001eko ekainean egin ziren hauteskundeak azken aldiz Athleticen, baina Uria irabazleak ez zuen agintaldia osorik bete, gaixotu eta hil egin baitzen. Ugartetxek iaz hartu zuen klubaren agintea, baina horrek ere ezin izan du agintaldia bete. Udalarekin eta jokalariekin zituen harremanak ez ziren onak, eta, «arrazoi pertsonalengatik», dimisioa aurkeztu zuen.
Presidente berriak klubarentzako garrantzi handiko erabakiak hartu beharko ditu. San Mames berria behar du Athleticek, bazkide kopurua handitu eta bere altxortegia bideratzeko. Kirol arloan bideratuta dago taldea. Ernesto Valverderen lana inork ez du zalantzan jartzen, eta harrobiaren aldeko apustua garbia da. Dena plana da aurreko bi presidenteek utzi duten ondare garrantzitsuenetakoa, baina orain Lamikizek eta Praderak aldaketa batzuk egiteko asmoa azaldu dute. Kirol zuzendaritzarako hautagai bakoitzak aukeratuak ditu nork ordezkatuko duen Andoni Zubizarreta.
Athletikeko hauteskundeak
Hiru hautagaiek eman dute botoa
Bazkideen ordua ailegatu da. Hauteskunde kanpaina luze eta nekagarria amaituta, eurek izango dute Athleticen etorkizuna erabakitzeko ardura. 32.295 bazkidek izango dute botoa emateko aukera hemezortzi urtetik beherakoek debekatua dute. Klub zuri-gorriko hogeita zortzigarren lehendakaria aukeratuko dute, hain zuzen ere. Ireki dituzte kutxak, eta hiru hautagaiek dagoeneko eman dute beraien bozka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu