Ez da giro Itxako taldeko kideentzat. Kirolaren esparruan larri dabiltza Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkan. Pistatik at, gainera, arazo ekonomikoak dituztela agerian gelditu da egunotan. Jokalariek eta entrenatzaileek jakinarazi dute hiru hilabeteko soldata zor diela taldeak. Egoera ez dela samurra nabarmendu dute, eta haren berri emanez, langile gisa dituzten eskubideak defendatu nahi dituztela. Taldeko zuzendaritzak, hala ere, ez du ongi ikusi barruko kontuak jendaurrean agertu izana.
«Triste nago, baina lasai», erran du Itxakoko presidente Miguel Bujandak. Azaldu du arazoa «unean unekoa» dela, kontua dela orain likideziarik ez dutela, baina laster konpondu ahal izanen dutela. «Halaxe azaldu genien jokalariei eta entrenatzaileei, baina, antza, ez gara uste bezain gardenak izan».
Taldeak orain arte emandako hitza ez duelako bete erabaki dute jokalariek eta entrenatzaileek arazoaren berri ematea, Ambros Martinek nabarmendu duenez. Entrenatzaileak argi utzi du, hala ere, arazo ekonomikoek ez dutela izan eta ez dutela izanen islarik pistan. Itxakok, hain zuzen ere, partida hagitz garrantzitsua jokatuko du larunbatean: Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako azken jardunaldiko norgehiagoka. Finalerdietara sailkatzeko aukera du oraindik. Horretarako, Midtjyllanden aurka irabazi beharko du, eta Larvikek Gyoriren aurka galdu behar du.
Ligan 30-21 nagusitu da
ABF Ligan, Castro Urdiales hartu zuen Itxakok atzo, Lizarran. Nafarrak erraz nagusitu ziren, 30-21. Norgehiagokaren hasieran oreka izan zen nagusi, baina etxekoek laster hartu zuten partidaren kontrola beren esku. 18-13 bukatu zen lehendabiziko zatia. Bigarrenean, egoera ez zen askorik aldatu, eta Itxakok arazo handirik gabe eutsi zion lortutako aldeari. Azkenean, 30-21 markagailuan, Lizarrakoen alde.
Bertzalde, Asobal Ligan, Amaya Sport San Antoniok Bartzelonaren aurka jokatuko du gaur, haren pistan (20:00etan).
Hiru hilabeteko soldata zor die Itxakok taldeko jokalariei eta entrenatzaileei
Miguel Bujanda presidenteak dio arazoa likideziarik eza dela, eta laster konponduko dutela nabarmendu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu