Hiru, hiru, hiru, kolkoa bete...

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
...diru?. «Hiru, hiru, hiru, kolkoa bete diru», dio esaera zaharrak. Diruak zoriontasun osoa ez duela ematen ere esaten du beste esaera zahar batek, baina lagundu egiten duela. Zoriontasuna ez, baina poza ematen du bost milioi euroko aurrekontu apalarekin, diru gutxirekin, hain talde orekatua eraiki izana Donostian. Poza ematen du Bilbon diruz aberats izan gabe aberatsen pare jardun nahi duen talde bateko 8.500 zale sutsu bultzaka ikustea. Eta poza ematen du mapetan agertzen ez den hiri txiki bateko ordezkariak NBAn jokatzea. Galdu arren, duintasunez jardutea. Bizitzan dirua baino gauza garrantzitsuagoak daudelako izango da.



Putzua. Lagun Aroko jokalariek Menorcan ikusi zutena. Tsikitixvilik hiruko erabakigarriak sartu zituen norgehiagoka hondarrean, baina hori baino lehen bikain aritu ziren Javi Salgado joko antolatzailea eta Jimmy Baron eskolta. Bizkaitarra, gidatzen, azken paseak ematen, hirukoak sartzen, Ciorciariren jarrera oldarkorra saihesten... eta 22 minututan bakarrik! Askorako eman du Lagun Aroren Menorcako jardunak. Jimmy Baronek ere bost hiruko saskiratu zituen, eta zeresana emango duela berretsi. Konek ere aho bete hortz utzi zituen asko, saskia txikitzeko daukan erraztasunagatik. Modu horretan errazagoa baita asmatzea. Lagun Arok 2-1 balantzea dauka, zortzi onenen artean dago, eta bi partida ditu etxean jarraian: Estudiantes eta Valladolid. Irabazten baditu eginak ditu etxeko lan erdiak.



Gutxi eta asko. Bilbo Basketek bost punturen aldea zeukan partida bukatzeko bi minutu eta erdi falta zirela, eta 3-10eko partziala hartu zuen tarte horretan. Erabaki okerrak hartu zituzten tarte horretan erasoan Aaron Jacksonek eta Alex Mumbruk, buruz buruko jokaldiak eginez, eta erasoko antzutasun horrek defentsa laneko eraginkortasunari kalte egin zion, Real Madrilek saskiraketa errazak lortu zituelako hondarrean. Dena ezin ondo egin, eta hilabeteak daude aurretik gauzak konpontze aldera. Valladolid plaza aproposa da norabidea zuzentzeko. Martin Rancik eta Josh Fischer joan dira; Axel Hervelle bueltatzeko prest da.



Bueltan. Atzo eguerdian iritsi zen Baskonia etxera, egun osoa hegazkinetan, aireportuetan eta autobusean eman ostean. Bukatu da AEBetako bidaia. Jokatutako bi partidak galdu ditu; duintasunez bata, muturreko handi samarra jasota bestea, eta Moskuko CSKAk Cleveland Cavaliers AEBetan menderatu izanaren eraginpean. Zehar kalteak neurtzeko unea da orain, bidaiak uzten dituen arrasto ikusezinen ondorioa zenbaiterainokoa den. Ez baitago atseden hartzeko astirik. Etzi Maccabi ahaltsua dator Gasteizera, eta nekearen aitzakiak ez du balio. Galde diezaiotela Ivanovici nekearen inguruan.



Bartzelona, Real Madril eta Fuenlabrada. Hiru taldek lortu dute 3-0 balantzea lehen hiru jardunaldietan. Bartzelonarena espero zen, Real Madrilena ez, eta Fuenlabradaren kasua apartekoa da. Unicaja hartu zuten mendean azken jardunaldian, eta aurrerapauso handia eman jaitsiera saihesteko. Sailkapenaren zuloan lau talde sartu dira, eta Manresak eta Alacantek dute itxura txarrena. Batez ere puntuak lortzeko komeriak dituztelako. Alacant 55 lortzen ari da partidako.



Mirza Teletovic. Bosniarra hautatu dute hirugarren jardunaldiko jokalaririk onena, baina askok egin dute lan ona. Andre Owens iritsi berriak sei hiruko saskiratu zituen Manresarentzat, Xavi Rabaseda gazteak 21 puntu Fuenlabradan. Jordi Triasek, berriz, puntu bakarra sartu zuen Joventutentzat 31 minututan, baina erabakigarria izan zen: bederatzi errebote.



10

Lagun Aroren marka ikusgarria. Pablo Lasoren taldeak biko hamar jaurtiketa egin zituen bigarren zatian Menorcan, eta egindako guztiak saskiratu zituen. Denak! Partida osoko estatistika begiratu, eta %80tik gorako portzentajea lortu zuten donostiarrek bikoetan. Gainera, ez da halakorik lortzen duten lehen aldia. Menorcakoen defentsa txarra edo Gipuzkoa Basketeko jokalarien egun ona?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.