Kosta zitzaien neurria hartzea. Galduta bezala hasi ziren biak. Lau t'erdiari neurririk hartu e-zinda, kontrarioari ere ez, eta norberaren indarrei ere ez. Kaskarra egin zuten hasiera, baina pieza bitxi bezain ederrak oparitu zizkiguten gero. Xalak eta Gonzalezek ez zuten aparteko partida horietakoa jokatu atzo Tolosan, baina ikusi genituen gantxoak, bi paretak eta boleak ikusteagatik merezi izan zuen Beotibarrera hurbiltzea.
Ez Xalarena ez Gonzalezena ez da inondik ere joko arrunta. Egin ditzakete hutsik nabarmenenak, baina beste inor egiteko gai ez den zerbait eskaintzen dizute hurrena. Ezkertiak dira biak, Iparraldeko trinkete eta plaza-librean zaildutakoak biak; atzo, uneka, sarea eta teilatutxoa bakarrik falta zitzaien Beotibarren ordez Modernen geundela konturatzeko.
Hobeto hasi zen Gonzalez Xala baino. Pilota zabaldu zuen, kontrarioa mugitu, eskuin eskua bilatu, eta topatu. Ezinean Xala lehen tantoetan. Indarrak neurtu ezinda, kaiolaren neurria galduta. Atzetik 11-4 zegoela hasi zen erreakzionatzen.
Oso bestelako itxura hartu zuen orduan partidak. Orduan hasi zelako Xala pilotari benetan ematen. Ziztuan erabili zuen. Zabaldu kontrakantxara behin eta berriro Gonzalezen esku txakala behartu nahian. Gutxitan lortu zuen. Ez gaizki aritu zelako, Gonzalezek defentsan lan eskerga egin zuelako baizik. Airez sartu zen askotan, zortea ere alde izan zuen dezentetan, baina kontrarioa baino lasaiago aritzeko aukera baliatu zuen eta markagailuan zeukan errentarekin ere jokatu.
15-7 eta 15-8koak izan ziren partida osoko tantorik ikusgarrienak. Bi pilotariak hiru koadroan planto eginda, aurrera begira beharrean aldamenekoari begira, traba eginez behin baino gehiagotan, pilotari lurrera erori gabe ematea helburu bakartzat hartuta... Boleak, dejadak, bi paretakoak. Hiru koadrotik lau t'erdian. Bitxi eta eder.
Ez du jendeak horrelakoetan Gonzalezengan konfiantza handia izaten. Gora eta behera ibili ohi da askotan, baina goian dabil aspaldian behera egin gabe, eta beste heldutasun eta patxada batekin jokatu zuen atzo. Estu hartu zuen Xalak (16-11 eta 17-12), baina Lekuinekoak berak eman zion arnasa kale handi samarrak eginda.
Luze eta indartsu jokatuz amaitu zuen Gonzalezek, eta pilotari emanez eta gehiago arriskatuz zergatik ez ote zen hasi bere buruari galdezka Xalak. Lau t'erdian aritzeko dohainak badauzka, baina Gonzaleze arituko da hurrengo jardunaldian, Belokirekin, merezimendu osoz.
Capellan eta Galarza VI.a irabazle estelarrean
Polita irten zen atzoko jaialdiko bigarren partida. Mikel Goñik erakarrita hurbildu ziren gehienak autografoak sinatzen jarraitzen du aldageletan; bere idoloaren elastikoa jantzita eta aitonari eskutik helduta sartu zen mutikoak, bizkarrean Goñiren zirrimarra zeramala irten zenean zeukan aurpegia ikustekoa zen, baina Capellan izan zen partidako protagonista. Ongi aritu ziren laurak, baita Goñi bera ere, baina Herviaskoak hobeto asmatu zuen aurreko koadroetan (22-18). Nabarmentzekoa da Xabier Galarza Galarza VI.a-ren lan txukuna ere. Asegarce enpresatik Aspera aldatu zenetik estelar bat edo beste jokatu du eta inoren inbidiarik gabe aritu da.
Hiru koadrotik lau t'erdian
Gorabeheraz betetako partida bitxia irabazi zion atzo Gonzalezek Xalari, Tolosako Beotibarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu