Hiru kolpeko minutua

Dani Pedrosak lortu du 'pole'-a MotoGP mailan, azken itzulian Jorge Lorenzoren denbora onduta

Erredakzioa
Donostia
2009ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Osatu da, eta bete-betean badago, kontuz berarekin. Dani Pedrosa (Honda) erori egin zen denboraldi-aurrean Qatarren, eta dezenteko lesioa egin zuen ezker belaunean eta ukondoan. Ebakuntza egin, behar baino azkarrago osatzen saiatu, eta asko sufritu zuen kataluniarrak denboraldi hasieran. 11. postuan amaitu zuen Qatarko Sari Nagusia, bost punturekin, eta itxaropen gutxirekin joan zen Japoniara, bigarren probara. Baina garapen harrigarria izan du Pedrosak. Atzetik aurrerako lasterketa eginda, hirugarren amaitu zuen Motegiko zirkuituan, Jorge Lorenzo (Yamaha) eta Valentino Rossiren (Yamaha) atzetik. Eta are balentria handiagoa egin zuen hirugarren proban, Kataluniako Sari Nagusian. Rossirekin lehia estua izan ostean, bigarren amaitu zuen lasterketa hura.

Erdi lesionatuta, baina onenen pare dabil Pedrosa denboraldi hasieran. Eta atzo Frantziako Sari Nagusian erakutsi zuen ez duela berehalakoan etsiko. Ikusgarria izan zen MotoGP mailako entrenamenduetako azken minutua. Casey Stonerrek (Ducati) azken itzulian ondu zuen Lorenzoren denbora, eta bazirudien berea izango zela pole-a. Baina azkar erantzun zion Lorenzok, azken minutuan bertan. Berriz ere australiarraren denbora ondu eta bera jarri zen buruan. Baina Pedrosak lehenbailehen berreskuratu nahi du Qatarren galdutako puntu kopurua, eta entrenamenduetako azken segundoan, bost milaren ondu zuen Lorenzoren denbora. Denboraldiko lehen pole-a, eta aurkarientzako abisu argia. Pedrosa osatu da.

Gaurko eguraldiari begira

Baina dezenteko aldea egon daiteke atzoko entrenamenduetatik gaurko lasterketara. Atzo euria egin zuen entrenamenduak hasi aurretik, eta pista nahiko lehor, baina oso hotz zegoen. Eguraldiaren arabera, gaur asko alda daiteke egoera. Lorenzo irtengo da bigarren postuan, Stoner hirugarren eta Rossi laugarren. Lehen hiru lasterketak jokatuta, argi dago lau pilotu horien arteko kontua izango dela txapelketa.

250 cc-ko proban Alvaro Bautista espainiarra (Aprilia) izan zen azkarrena, Marco Simoncelli italiarraren (Gilera) aurretik. Azken unera arte arazo ugari izan zuen Bautistak aurreko gurpilean, baina azken itzuli ikusgarria egin zuen. Simoncelli egungo txapelduna zegoen lehen postuan azken minutu horretan, baina espainiarraren azken kolpea falta zen. Italiarrak denboraldi hasiera kaskarra egin du, hiru probetatik bitan ez baitu punturik pilatu. Hiroshi Aoyama japoniarra (Honda) dago une honetan lehen postuan Munduko Txapelketan, eta hirugarren postuan irtengo da gaur Le Mansen. Bere atzetik, berriz, laugarren postuan, Thomas Luthi suitzarra (Aprilia) irtengo da.

Eta benetako ezustea 125 cc-ko mailan iritsi zen. Ezustea, Marc Marquez 16 urteko pilotu kataluniarrak lortu zuelako pole-a. Oso maila onean ari da Marquez denboraldi honetan -6. postuan dago, 27 punturekin-, baina bigarren denboraldia besterik ez du 125 cc-ko mailan, eta uste baino askoz indartsuago ari da. Scott Redding britainiarrak (Aprilia) lortu zuen bigarren denborarik onena, eta Nico Terol kataluniarrak (Aprilia) hirugarren onena. Efren Vazquez bilbotarrak (Derbi), berriz, ez zuen zorte handirik izan. Erori egin zen entrenamenduak amaitzeko bost minutu falta zirenean, eta 25. postuan irtengo da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.