Hiru nahikoa dira

Azken emaitza txarrek utzitako aho zapore txarra gozatu gura du Athleticek, gaur, Sportingi irabazita

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Azken hiru neurketak galduta zelairatuko da Athletic gaur San Mamesen. Albiste onak txarrak baino ugariagoak izaten ari diren denboraldi honetan zeresana ematen ari da talde zuri-gorriaren bolada txarra. Berez, ez luke oso kezkagarria izan behar hiru partida jarraian galtzea. Espainiako Liga lehiakorra da oso. Beraz, maila ona ematen ez denean, gerta daiteke bolada txar bat izatea. Bartzelona eta Real Madril dira bederatzi hilabeteko sasoi luze batean gorabeherak izatetik kanpo geratzen diren bakarrak. Izaten dituzte, baina goi mailako jokalari asko izateak garai txarrak gainditzeko aukera ematen die. Gainerako talde guztiek beti izaten dituzte sasoi ilunak. Ezer ateratzen ez zaien partidak.

Athletic dago larri antzean. Sailkapenean gora begira jarraitzen du, baina jokoa ez da ona. Jokalariak sufritzen ari dira. Ez zaie ezer ateratzen. Azken hiru neurketetan bi gol sartu eta zazpi jaso dituzte. Beraz, porrotak ez dira ezustekoak izan. Zelaian ikusi denaren isla izandira. Eta horrelakoetan ezinaren arrazoiak aurkitzeko joera dago. Jokalari garrantzitsuenen nekea eta Fernando Llorenteren hutsunea izan dira gehien aipatu direnak. Athleticeko jokalariek gelditu gabe egiten dute korrika, baina ez zaie fresko ikusten. Banakako lehietan galtzaile irteten ari dira. Erdiko aurrelariren faltak ere izango zuen zerikusia arazo horretan. Izan ere, Llorente berdegunean dagoenean inguruko aurkari gehienen arreta bereganatzen du, eta horrek erraztu egiten du taldekideen lana. Aukera gehiago dute nabarmentzeko.

Zorionez, gaur hasierako hamaikakoan izango da Llorente. Arnasa eta lasaitasuna emango dio horrek taldeari. Llorente gabezia asko ezkutatzeko kapaz da eta. Hala ere, zer hobetu badute zuri-gorriek. «Azken neurketetan arazo handiak izan ditugu baloia ateratzerakoan. Aurkariek aurrean egin digute presioa, eta ez dugu asmatu. Gure zelaian gehiago jokatu da aurkariarenean baino», esan du asteon Andoni Iraolak.

Sasoia berreskuratu nahian

Athleticek garaipen premia dauka. Eta, beharbada, hiru puntuek baino garrantzi handiago izango du galdutako jokoa berreskuratzea. Dinamika onera bueltatzea. Sentipenak berreskuratzea. Denboraldia txanpa erabakigarrienean sartzera baitoa. Athleticek asko dauka jokoan datorren hilabete eta erdian, eta ez da komeni konfiantza galtzea. Jokalariek bestelako kontuak aipatu arren, liga izango da une honetan garrantzi txikien duen lehiaketa. Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera nahi baino gehiago urrundu da, eta, sari hori lortu ezean, ez du ardura postu bat aurrerago edo atzerago sailkatu. Betiere, azken hiruretatik kanpo geratuz gero, noski. Baina jaitsiera atzean utzi zuen aspaldi talde zuri-gorriak.

Infernuan erretzen ari den Sportingek bisitatuko du San Mames, hain zuzen ere. Javier Clemente gidari duela etorri da Bilbora. Beste talde batekin datorren lehen aldia izan ez arren, beti ematen du zeresana Barakaldoko entrenatzailearen bisitak. Atzo, esate baterako, Ferrari batekin alderatu zuen Athletic. Lore bat izan zen, nahiz eta ez dirudien une aproposena ondo ari den talde bat erdipurdi ari den auto gorriarekin alderatzeko. Ikusi egin beharko da zer ematen duen Clementek aulkian eta ondorengo prentsa agerraldian, baina ziur ez dela inor aspertuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.