Hiru puntuko loteria
Garaipena obsesio bihurtu aurretik irabazi behar du Athleticek. Gaur du aukera, Levanteren zelaian
Garaipena obsesio bihurtu aurretik irabazi behar du Athleticek. Gaur du aukera, Levanteren zelaian
Haritz gallastegi
Bilbo
Levante aldean sarri askotan tokatzen omen da Gabonetako loteria. Baldosapean ere dirua agertzen omen da inguru haietan. Athleticek gustura hartuko lituzke milioi batzuk egiturazko euro defizitari aurre egiteko. Diru premia handia izan arren, txanponak ez dira talde zuri-gorriak Levanten eskura dezakeen saririk garrantzitsuena. Athleticek hiru puntuak gura ditu. Puntuak baino gehiago, garaipena eskuratzea da garrantzitsua. Jakinekoa da irabazteak puntuak ekartzen dituela, baina Athleticek aurkariak baino gol bat gehiago sartzeko beharra dauka konfiantza berreskuratzeko. Zelaian aurkaria baino gehiago dela baieztatzea falta zaio. Talde lehiakorra eta kontrarioa baino gehiago izan daitekeela jakitea falta zaio.
Athleticen egoeran ez da erraza taldearen bilakaera aldatzea. Joaquin Caparrosen taldea ez da Ligako talde gehienak baino kalitate gehiagoko taldea. Horregatik, horren parekatua den lehiaketa honetan, gogor egin behar da lan talde galtzaile bat irabazle bihurtzeko. Beraz, Athleticek bide luzea eta gogorra dauka aurretik. Hobetzeko tartea ere badauka, baina ezin da lokartu. Bestela, asko kostatuko zaio aurrera egitea. «Levanteren aurkako partida garrantzitsua izan daiteke dinamika negatiboan ez sartzeko», adierazi zuen atzo Iñaki Muñozek. Jokalari nafarrak bazekien zertaz ari zen. Osasunarekin gozatu ederrak hartutakoa da, baina baita asko sufritutakoa ere. Lasai aritzeko, ezinbestekoa da puntuek ematen duten babesa izatea.
Lasaitasunarekin bakarrik lortuko du Athleticek Fernando Amorebietak bere buruari eta taldekideei ipinitako erronka. Zazpi onenen artean ikusten du Iurretako atzelariak Athletic. Harrigarria, duda barik. Halere, Bittor Alkizak elastiko zuri-gorria defendatzen zuenean sarri esaten zuena gogoratu beharko dugu. «Ni ezkorra naiz. Beste batzuk, berriz, baikorrak dira oso. Horrelako izaera duten jokalariak ere garrantzitsuak dira taldeetan», esaten zuen. Alkizaren antzera pentsatu beharko dute zaleek ere...
ORBAIZEN HUTSUNEA, ARAZO LATZA. UEFA Koparako txartelarekin ametsetan hasi aurretik, sailkapeneko azkenari irabazten ahalegindu behar da Athletic. Levante baita Athleticen «txapelketako» taldea. Beste gauza batzuetarako gai dela erakusten ez duen bitartean, jaitsierako postuak saihestu gura duten taldeen multzoan sartu behar da Athletic. Eta orain arte ikusitakoaren arabera, hobe luke indar guztia mailari eusteko ahaleginean xahutzea.
Lehia horretan egon daiteke Levante denboraldiko azken neurketetan. Horregatik, Valentzia Hirian jokoan egongo diren puntuek balio bikoitza izan dezakete. Garaipenak berez duen balioari sasoi amaieran bi taldeek berdinduta amaituz gero euren arteko emaitzek izan dezaketen garrantzia ere aintzat hartu beharra dago. Laugarren jardunaldian horrelako kontuetan pentsatzea ez da egokia, baina aurreko urteetan gertatutakoek ez dute beste aukerarik ematen.
Sasoi bukaeran helburuak bestelakoak izateko, denboraldiko lehen garaipena eskuratzea izango da onena. Horretarako, hutsune garrantzitsua izango du Athleticek: Pablo Orbaizena, hain zuzen ere. Bederatzi hilabete jokatu barik egon ostean, Zaragozaren aurka hasieratik aritu zen erdilari nafarra. Bere sasoi onenetik urrun egon arren, talde zuri-gorrian ezinbesteko jokalaria dela erakutsi zuen. Defentsaren eta erasoaren arteko oreka ematen dio taldeari. Lan egin behar duenean lan egiten du, eta erasoko jokoa antolatzeko orduan maisua dela erakutsi du. Athleticek ez dauka haren mailako beste euskarririk.
Caparros dagoenarekin konformatu beharko da. Eta dagoena talde lehiakorra osatzeko adinakoa da. Murillo, Tiko eta Muñoz ziren Orbaizen lekuan joka zezaketen futbolariak. Orain arte Tiko izan da aukera gehien izan duen jokalaria. Gaur, ordea, Murillo izango da Javi Martinezen laguntzailea. Donostiarrak zazpi minutu besterik ez du jokatu lehen hiru jardunaldietan. Halere, taldeko jokalaria denez, prest dago premia dagoenean laguntzeko. Bere postua izan ez arren, ez du aitzakiarik jarriko. Euskarrian, gainera, eroso aritzen da.
Gainerakoan ez dirudi aparteko nobedaderik egongo denik. Del Hornok, Davi Lopezek... euren jokoa hobetzeko beste aukera bat izango dute. Talde guztiak izango du orain arte egindakoa hobetzeko aukera. Hiru puntuak irabazita bada, askoz hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu