Hiruaren ondoren laua dator

Laugarren partida irabazi nahi du jarraian Realak, Zaragozaren aurka, mailari eusteko bidean beste urrats bat egitekoDe la Bella hasieratik ariko da, eta Agirretxek eta Illarramendik ere aukera izan dezakete

Imanol Agirretxe, Markel Bergara eta Carlos Vela, aurrrelari mexikarrak Sevillari sartutako gola ospatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ligako zortzigarren jardunaldian Zaragozak Reala 2-0 garaitu zuenean, Javier Agirre entrenatzaileak garbi azaldu zuen ez zegoela galtzetan lasai. «Pozik nago irabazi dugulako, baina ez gara gehiago emateko gai». Esaldi argigarria, egiazkoa, denborak frogatu duenez. Romaredako taldeak hamar puntu zituen batuak garai hartan, txuri-urdinek baino hiru gehiago. Harrezkero, bataren bihotz taupadak bizitu egin dira, eta bestearenak, aldiz, makaldu, ia itzali arte: Realak 23 puntu gehiago ditu sailkapenean, eta Zaragozak zortzi gehiago. Zenbakiek ez dute gezurrik esaten.

Mexikarrak hiru hilabete gehiago iraun zuen karguan, 2011. urteko azken neurketa arte. Emaitza txarrengatik kendu zuten. Manolo Jimenez dabil ordutik, aginduak emanez, eraginkortasun berberarekin —Realeko agintarien agendan zegoen Jimenez, Philippe Montanierrenak egin izan balu—. Zaragozaren barne arazoak benetan sakonak dira, irabaztearen eta galtzearen gainetik dagoen kontua. Sailkapenak erakusten dituen miseriak lehenago ere nozitu dituztelako, baita egoera latzak gainditu ere, baina futbol talde bat etengabean nora ezean dabilenean —galdetu txuri-urdinen inguruan, bestela—, berandu baino lehen hondoa jotzera kondenatua dago, hutsetik berriz hastera.

Horrek guztiak ez du esan nahi,noski, Jimenezenek Anoetan irabazteko ahalmenik ez dutenik, atzo Montanierrek ohartu moduan. «Etxetik kanpo huts egin eta gero, irabazteko presioarekin zelairatuko gara berriz. Ziur naiz Zaragozak ez duela amore eman, eta neurketa arriskutsua da guretzat. Beraien jokalariak gutxietsiko bagenitu, larrutik ordaindu genuke. Guretzat urteko partida da, mailari eusteko borrokan jardunaldi benetan garrantzitsua baita».

Denboraldi honetan aurrenekoz, zelai erdiko jokalari guztiak bere aginduetara dauzka frantziarrak. «Oso berri ona da, buruhauste gozoa». Markel, Aranburu eta Zurutuza hirukoa erabili du Montanierrek azken hilabetean batez ere. Granadan zer egin zuen ikusita, hala ere, balitekeIllarramendiren alde egitea berriz ere. Ruben Pardok ahalmen harrigarriak badituela erakutsi du azken hilabetean. Ea orain nola egiten dion tokia entrenatzaileak, ea nola kudeatzen duen makina gelan ariko direnen parte hartzea.

Hamaikakoa osatzerakoan aldaketa bat egin beharra dauka gutxienez, Cadamurok ezingo baitu jokatu txartel pilaketagatik. Carlos Martinez oraindik ere min hartuta dagoenez, De la Bellaren aukerak areagotu egin dira aspaldiko partez. «Bere balio erakusteko abagune itzela izango du». Kataluniarrak azkenekoz Vallecasen jokatu zuen hasieratik ligan, azaroko lehen asteburuan. Horrez gain, erasoko lerroan Agirretxek joka dezake berriz ere, Xabi Prietoren ordez. San Mamesen izan ez zuen erabakigarritasuna erakutsi nahiko dute txuri-urdinek arrisku eremuetan.

Abisua hartuta

Realak ondotxo dakienez, hanka sartzearen ondorioak mingarriak izan daitezke. Joan den denboraldikoak gogoratzea besterik ez horretaz jabetzeko. Malagak eta Herculesek biluzik utzi zituen azken txanpari ekin baino lehen, zalantzaz gainezka. Malaga 28. jardunaldian heldu zin Donostiara, gainontzeko talde guztiak aurretik zituelarik. Txuri-urdinek ez zuten ezer onik erakutsi, eta merezimendu guztiz galdu zuten. Handik gutxira, beste horrenbeste gertatu zen Herculesek Anoeta zapaldu zuenean. Miroslav Djukicen aurreneko neurketa zen Alacantekoen aulkian, Esteban Vigoren lekukoa egun pare bat lehenago hartuta, eta gipuzkoarren lanak alarma gorriak piztu zituen. Oraingo Realak, hori bai, ez du zantzu kezkagarririk erakusten; ez behintzat, azken lau hilekoan. Sufrimendua atzean uzten ari da, eta, gora egite horretan, mugarri garrantzitsua dauka gaur, helburua eskuratzeko erabakigarria izan daitekeena. Etxekoek ere jarraitzaileen laguntza beharko dute berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.